diskoa

Xabi Aburruzagaren disko berria esku artean



Pare bat egun daramazkit diskoa entzuten eta zoragarria da bene-benetan. Kutxa zabaldu eta bezain pronto urte askotan zehar mamitutako lana dela atzematen da bazter guztietatik. Gainera, Xabik esan bezala, maitasun eta dedikazio handiz burututako proiektua da diska hau. Xabi laguna dut eta berau ohorea da niretzako, are gehiago zuei disko honen berri ematea eta ahalik eta ikuspuntu objetibotik baloratzen saiatuko naiz.

Diskoko hainbat kanta ezagunak egiten zaizkidan arren (lehendabiziko maketa eta kontzertuetan entzundako piezak ageri baitira), moldaketa eta instrumentu berriek ematen dieten zapore berriztuek harritu egin naute. Lago Di Como, BI-5832-CB edo Denboraren Naufrago adibidez, aspaldi entzun nituen baina lehendabiziko aldiz entzun ditudanaren sentsazioa izan dut.

Kanta batzuk nabarmentzekotan, "Breakfast In Belfast" biribilketa paregabea (jig-en kutsua duena), "Lago di Como" arin-arina , letradun "Ezkontza Behartua" eta "Denboraren Naufrago" eta bere aititeren omenez konposatutako "Zu Gabe" kanta ederra (txeloak ematen dion kolorea ordainezina da). Alabaina, ez galdu diskoan ageri diren beste abestiak, apartak direlako.

Kolaboratu duten musikarien inguruan zer esanik ez, gaur egungo Euskal Herriko musikari eta kantari onenetarikoak, besteak beste: Oreka TX, Joseba Tapia, Iñigo Egia, Jose Urrejola, Mikel Markez, Xabi Zeberio eta Alberto Rodriguez. Parte hartzaile hauen eragina eta presentzia kanta guztietan atzemango duzue. Horrezaz gain, Kirmen Uribek letragabeko kanteentzako testu batzuk idatzi ditu Xabik adierazi nahi duena era literario batez isladatuz.

Diseinua ere benetan ederra da, baina hori ikusteko CDa erosi beharko duzue eta zinez gomendatzen dizuet azken hau egitea. Elkar dendetan gutxienez salgai dute jada eta Elkarrek Interneten duen orritik ere eskatu daiteke etxean jasotzeko.

Aurkezpena urriaren 15ean izango da Bilbon Elkarrek duen aretoan, goizeko 11:00etan. Bertan pare bat kanta joko ditu zuzenean. Laister informazio eta albiste gehiago izango dituzue Xabi eta bere lan berriaren inguruan. Bien bitartean goza dezazuela...



Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *