diskoa

"Jan Osteko Menua" partitura liburua

"Jan Osteko Menua" - Trikitixaz dastatzeko abesti sorta, partitura liburua kaleratu berri du Ruben Isasi trikitilariak, Bizkaiko Trikitixa Elkartearen laguntzaz. Jakin, Durangoko Azokan eskuragarri dugula, 20 €-ren truke. Garestia dela pentsatzen dutenei, zin dagizuet ondo ordaindutako liburua dela.

Gaur goizean Trikitixa Elkarteko postuan egon naizen bitartean begirada arin bat bota diot eta arratsaldez sakonago aztertu dut. Standetik pasatu direnei esan diedan bezala, sorta ederra da eta nahiz eta partitura liburu bezala katalogatu, hori baino askoz ere gehiago da. Liburu hasieran ageri diren partitura eta beste elementu batzuen azalpen batzuk daude eta horren ondoren, atal ezberdinetan sailkatutako partiturak daude. Gainera liburu guztia menu bat bezala antolatuta dago, sarrerakoak, okelak eta postreak edukiz besteak beste. Gainera atal bakoitzaren hasieran trikitixa formako plater bat aurkezten digu, osagai eta guzti. Azkenik, bukaera aldean akordeen erabilpena azaltzen du, berauek ematen duten aukera guztiak adieraziz.

Partiturei dagokienez, batzuk tono ezberdinetan aurkezten dira aproposena aukeratzeko eta horrezaz gain, era laburtuan ere daude denak akordeekin lan egiteko. Guzti hau gutxi ez balitz letrak ere agertzen dira, jo eta kantatu ahal izateko. Aurreko partitura liburuetan agertu ez diren partitura bat baino gehiago ere badagoenez, primeran dator gure errepertorioa osatzeko eta baita aberasteko ere.

Beraz, biziki gomendatzen dizuet liburu hau erostea, ez zaizue damatuko eta. Bide batez, Ruben zoriondu nahiko nuke egindako lan eder eta aberatsagatik. Nire uste apalean, azken urteetan egin den lanik borobilena da hau metodo eta partiturei dagokionez eta hori, bai ikasle eta baita irakasleok eskertu egin behar dugu.

Niri menua gustatu zait, ea zuk ere atsegina duzun. Rubenek sarreran esaten duen bezala, On Egin!


Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *