diskoa

"Jan Osteko Menua" liburuaren aurkezpena

Bizkaiko Trikitixa Elkarteak liburuaren aurkezpeneko deialdia zabaldu du eta hona hemen bidalitako informazioa:

“Jan osteko menua; trikitixaz dastatzeko abesti sorta” trikitixarako partituren bilduma da. Zehazki, bazkal zein afalostetan edo erromerietan abesten diren kantak biltzen dira. Trikitixa ikasleei zuzendutako liburua da; eta era honetan, digitazioa, akordeekin zelan abestu, trikitixak baxuetan ez dauzkan akordeak zelan egin, ... azaltzen da besteak beste.

Liburu honen egilea Ruben Isasi musikaria izan da. Rubenek hainbat musika tresna menperatzeaz gain, hainbat musika talde eta proiektu musikaletan parte hartu izan du, eta nola ez, trikitixa irakaslea da. Guzti hau kontuan izanda, elkarteak berarengan konfiantza osoa jarri zuen liburu hau burutzeko; izan ere, berak hurbiletik ezagutzen ditu trikitixa ikasleen nahi eta beharrak.

Partiturez gain, liburu honetan kanten letrak ere biltzen dira. Hala ere, musika lan hau Eneko Aldaik eginiko diseinuekin eta, trikitixa forma duten, Olariaga baserriko errezetekin hornitua dago. Hortik datorkio liburuari izenburua; aipatutako bazkari zein afarietako menua bailitzan aurkezten baitira jotzeko eta kantatzeko piezak: sarrerakoak, arrainak, okelak, desertak eta kafeak; jai-giroak aurrera joan ahala liburuan ere horrela aritzeko.

“Jan osteko menua; trikitixaz dastatzeko abesti sorta” Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso zuen eta Bizkaiko Trikitixa Elkarteak kaleratu zuen 2009ko abenduan. Durangoko Azokan jarri zen salgai eta ordutik hona harrera ezin hobea izan du trikitixa ikasle zein irakasleen artean.

Liburuaren aurkezpena trikitilari, trikitixa irakasle, trikitixa zale zein komunikabideentzat zuzendua dago. Urtarrilaren 28an burutuko da bi aldiz:

- 11:00etan Foru Liburutegian (Diputación 7, Bilbo).
- 20:00etan Elai Alai kulturgunearen txokoan (Santa Maria 10, Portugalete).
Aurkezpena bukatzean lunch bat eskeiniko da.


Bertatik ere gonbidapena luzatzen dizuet, bertan ikusiko garelakoan.




Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *