diskoa

"Habana Sessions" esku artean

Gaur, otsailak 18, jaso dut "Habana Sessions" eta beti aitortu izan dut Keparen lanek, beste trikitilari eta orohar musikari askorenak bezala, mugiarazi egiten nautela kaleratzear daudenean. Horrelako ezinegon eta hotzikara bat sentitu ohi dut lehendabiziz plastikotxoa kendu eta zabaltzen ditudanean, disko hauek denbora askoan nere zain egon izan balira bezala. Eta azkenaldian, balorazio txikitxo bat egiten ari naiz kaleratzen ari den lan berrien inguruan, batenbatentzako lagungarri izan daitezkeelakoan eta batez ere adierazpen jarduera bezala. Hor duzue Kubatik datorkigun lan honena ere bai...

"Fandango" serie honetan Junkera bere aspaldiko kantak berreskuratu eta usain eta zapore berriez hornitzen hasia da. Aurreakoan "Melonius Quartet"-ekin batera grabatu zituen hainbat pieza eta oraingoan Rolando Luna pianojole kubatarrarekin egin du saiakera. Argi dago, hamaika aldiz entzunda eta jotako piezeei kolorea aldatzea zaila izan behar dela, baina hor dago musikari handien gaitasuna eta zelan ez, esperientzia. Eta hori Kepari ezin zaio ukatu bere bilakaerarekin demostratu duelako, nahiz eta denon gustukoa ez izan justuak izan beharko ginake eta bakoitzari berea aitortu, arrakasta eta akatsekin, denok baititugu horrelakoak gure ibilbidean. Batzuentzako serie hau denbora galtze bat izango da, baina beste batzuentzako gozatzeko lan bat gehiago izanen da. Nik bigarren talde horretan kokatuko nuke neure burua...

Lehendabiziko diskoetatik hasita, 18 pieza inguru daude eta baita berri bat ere, Maume izenekoa. Kantetako batzuk aurreko bildumatan ere agertu dira, baina beste batzuk "Rekalde dantzatu debalde" esaterako, lehenengo bertsioa du lan honetan. Errepertorioari dagokionez, "baina" bat jarriko nioke, "Bok Espok" kantaz aspertzen hasia naizelako batez ere komunikabide eta aisialdi-guneetan (tabernetan, jaietan,...) ematen dioten neurrigabeko erabilpenagatik.

Diskoan zerbait nabarmendu beharko banu, pianojolearen lana da. Ni ez naiz aditua, baina jotzen duena ikaragarrizkoa iruditzen zait, are gehiago kanpotarra izanik eta pieza gehienak seguruenik lehendabiziko aldiz entzun dituenean. Eta beste gauza batzuen artean musikari honen dohainari esker, askotan entzundako pieza horiek berriak izango balira bezala sumatzen ditut, hain erabilia izan den "Gaztelugatxeko Martxa" adibidez. Gainera, Rolandok baliabide asko dituela garbi uzten du diskoan, erregistro ezberdinetan oso ondo moldatzen delako.

Laburbiltzen, disko hau neuretzako hainbeste maite dudan musika bildumatxo horretan sartuko dut, kotxean noanean entzuteko edota argazkiekin muntaia bat egiten dudanean berau janzteko. Lagun on bati esan diodan bezala, sinpletasunean konplexua...

Beste guztia, asko arakatzeke dagoelako, zuen esku...




Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *