diskoa

Kepa Junkera + EOS, kontzertu baten kronika

Ostegunean, otsailak 25, inoiz ahaztuko ez dudan ikuskizun bat ikusteko aukera izan nuen eta zoritxarrez jende gutxik ikusi ahal izan duenez zuzenean, tipo zorteduna naizela uste dut. Atzo kontzertu bera eskaini zuten eta horrexegatik ez dut kronika lehenago argitaratu, sorpresarik ez hondatzeko alegia. Honezkero sekretuen kutxa zabaldu denez, hor doa bizitakoa...

Aurreko astean komentatu zidatenean ea joan nahiko nukeen, bitan pentsatu gabe baiezkoa eman nuen. Nola ez nintzen ba joango horrelako emanaldi batera, Junkera eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa batera ikusteko aukera gutxi baitaude. Klaseak moldatu (barkatu iezaidazue ikasle maiteok...) eta eguna noiz helduko zain geratu nintzen.

Denborak arin alde egiten digu egunero hainbat zeregin ditugun pertsonoi eta konturatu baino lehenago data heldu zen. Hala, kotxea hartu eta Donostirantz abiatu nintzen, hainbeste maite dudan hiribururantz. Bertan, itsasora begira dauden kuboetarantz abiatu eta iluntzearekin batera sartu nintzen aretora.

Ikuskizuna, teorian Entsaio Orokor bat bezala planteatu zuten, baina praktikan ezberdintasun gutxi zituen kontzertu ofizialarekin alderatuz gero. Zehatz-mehatz, bi, Ginesa Ortegaren presentzia eta musikarien janzkera. Baina ikusten duzuen moduan, gauza nabarmenik ez. "Euskadiko Kutxa"-ko lehendakaria ere izan genuen entitatearen gora-beherak kontatzen, kontzertua berez honen 50. urteurrena ospatzeko antolatu baitzen.

Emanaldia bi zatitan banatuta zegoen, 15 minutuko atsedenaldi batek erdibitzen zuelarik. Alde batetik, pieza sinfonikoak jo zituzten (Bihar arte, Hiri, Berhueta, Zolloko San Martinak edo Huriondo esaterako) eta bestetik, "Etxea" diskoko kantak jo zituzten (Iruten ari nuzu, Joxe Migelen Batela edo Madalenara besteak beste) Eliseo Parra, Lídia Pujol eta Xavier Díazen laguntzarekin. Azken zati hau ondo egon zen, baina lehendabizikoa apartekoa izan zen. Neuk behintzat ez nuen inoiz ikusi ordurarte Orkestra bat zuzenean eta harritu egin ninduen soinuaren kalitatea eta batez ere moldaketak. Bi kanta nabarmendu beharko banitu, "Bihar arte" eta "Zolloko San Martinak - Huriondo" izango lirateke. Lehendabizikoa zinez hunkigarria izan zen, gainera jo zuten aurrena izanik, oilo-ipurdia jarri zitzaidan eta aspaldi sentitu gabeko hotzikara batek gorputza zeharkatu zidan. Bigarrena aldiz, habanera bat bezala hasi zen (arin-arina den arren) eta gero fandangoaren amaiera, Kepak 88ko txapelketa hartan egin bezala, apoteosikoa. Kontzertuaren bigarren zatian, bi gauza nabarmenduko nituzke. Batetik, giroa berotu egin zela eta jendeak denok ezagutzen ditugun kanta horiek hortzartean kantatu zituela eta bestetik, Emilio Aragonen presentzia. Ikus-entzuleek txalo zaparrada batekin hartu zuten eta beste handiago batekin agurtu. Tipo multi-disziplinarra bera; nabarmena artista sena barruan daramala eta badakiela horrelakoetan ondo mugitzen.

Amaitzeko, eskerrak eman nahiko nizkioke Kepari emanaldira gonbidatu izanagatik eta baita Beari bere arretagatik. Baina bada lagun bat aparteko aipamena merezi duena, Iñaki alegia. Bera izan delako neuk egun berezi hau bizitzeko eduki dudan aukeraren erruduna. Gainera nor hobe Keparen kontzertu bat batera ikusteko... barrutik bizi duelako eta nahitaez transmitatzen dizulako energia hori. Eskerrik asko eta besarkada bat lagun.

Beno ba, hauxe da bizitakoaren laburpen txikitxoa. Ez dakit seguru, baina agian ETBn kontzertua emango dute hurrengo asteetan. Zerbait ziur dakidanean bertan jarriko dut. Bien bitartean, horra hor argazkitxo batzuk ideia bat egiteko behintzat...


Kepa Junkera trikitixan eta Emilio Aragon zuzendari lanetan


Kontzerturako gonbidapena


Musikariak kontzertua hasi baino lehenago entsaiatzen


Eliseo Parra kantuz, Junkera eta Aragonen zuzendaritzapean






Bukaerako agurra


Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *