diskoa

TRIKITIXA 2.0

Zuetako batzuentzat ezezaguna izango da 2.0 mugimendua, baina hitz hauek irakurtzen ari bazarate barruan zaudete honezkero. Interakzioa oinarritzat duen planteamendua da eta Interneten garapenean erabiltzen den terminoa da batez ere. Web 2.0 eremuan, blogak, gizarte-sareak, wikiak eta antzerako plataformak kokatuko genituzke, guztietan parte-hartzea ardatza delarik.

Gaur egun, erabiltzaile gehienek webgune dinamikoak eskatzen dituzte, zeinetan edukiak denon artean eraiki eta azkar eguneratzen diren. Beraz urte batzuk barru, "erakuslehio-webguneak", hots, edukiak era trinko eta deseguneratu baten plazaratu eta parte-hartzerik sustatzen ez dituztenak, desagertzen joango dira. Ez dago gure jokabidea aztertzea baino ez, gehienok Facebook, MySpace, Tuenti, Twitter eta antzeko plataformak erabiltzen ditugulako albisteak irakurtzeko, euria egingo duen jakiteko, musikarien kantak entzun edo kontzertu zerrenda ikusteko... Are gehiago, sistema mugikorretan geroz eta aukera gehiago dago eta webguneek berauetan ondo erabiltzeko aukera eman behar dute, gauden lekuan gaudela informazioa eskuragai izateko eta baita zerbait plazaratu nahi izatekotan momentuan egiteko.

Beno ba, izenburuak esaten duen moduan hasi gara Trikitixa 2.0 martxan jartzen gu ere. Zorionez edo zoritxarrez, ez gara beste esparru batzuetan bezain beste jende, baina hala ere bada zer kontatu eta elkarbanatu. Hala ere, horretarako, lehen esan bezala zuen aportazioak beharrezkoak dira. Blog honetan esaterako ia 250 sarrera daude jada eta baten baino gehiagotan zuetako batzuk parte hartu duzue ideiak ematen, argazkiak pasatzen eta baita emailez zuzenketa eta iritziak bidaltzen. Horren adibide, geroz eta e-posta gehiago jasotzen ditudala astero eta geroz eta gehiago garela bertatik pasatzen garenak. Denbora bat eskaini behar zaio ekimen honi, baina uste dut denon onurako dela sakrifizio txiki hori.

Bide batez eta amaitzeko, zuek ere sarrerak idaztera gonbidatu nahiko nizueke. Horretarako e-posta bat bidali eta ahal bezain pronto argitaratuko dut idazkia (egilearen izena agertuko dela bermatzen da). Ea denon artean urte askotan zehar pixka bat banatuta egon den trikiti-komunitate hau batzen hasten garen.

Eskerrik asko benetan txoko honetatik pasatu zaretenoi eta baita etorkizuneko bisitariei.


Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *