diskoa

Ikasturte amaierako gogoetatxoa



Ekainaren erdialdean, urtero bezala, ikasturtea agurtzen hasten gara. Honezkero hamaika emanaldi eskaini ditugu eta azken batzuk baino ez zaizkigu falta pertsiana jaisteko. Suposatzen dut trikitixa eskola gehienetan antzera zabiltzatela asteotan; azken orduko entsaioak, ikasle eta irakasleen nerbioak, gurasoekin batzarrak, informeak, klaustroak, merendolak,... Ni behintzat hala nabil, baina ez naiz kexatzen ikasle paregabeak ditudalako eta horrek asko laguntzen duelako arratsaldero trikitixak kotxean sartu eta klaseak ematera goazenean. Etxean lan gehiago egingo balute, itzel! Hala ere, biba zuek!

Etenaldi hau aprobetxatu nahiko nuke azken kurtso honetan blogetik pasatu zaraten guztioi eskerrik beroenak emateko, geroz eta bisitari/jarraitzaile gehiago zaretelako, batzuk oso finak eta askok zuen esker onak helarazi dizkidazuenak. Aurten gainera, Facebook eta Tuentian ere lehiotxoa du blogak eta honen bidez publiko zabalago batera heldu garela uste dut. Bide batez, barkamenak eskatzea ere gustatuko litzaidake inoiz norbait kaltetu izan badut, informazioren bat gaizki egon bada eta baita behin baino gehiagotan egindako hankasartze ortografiko eta gramatikalengatik ere. Geroz eta ekarpen gehiago egiten dituzuen arren, neuk bakarrik kudeatzen dut txoko hau eta nahiz eta ondo egiten saiatzen naizen, inperfektua naiz zorionez.

Irakasle eta batez ere ikasleen desira nagusia betetzear dago, oporraldia badator eta. Baina uda ez da alferrik galduko, orain hasten direlako herri gehienetako festak eta trikitixak badu zer esana hauetan. Beraz, ikasturtean zehar ikasitakoa kalean erakusteko garaia heldu zaigu udazkena heldu bitartean.

Ea hortik zehar topo egiten dugun piezatxo batzuk elkarrekin jotzeko eta hala ez bada, ondo ibili eta zaindu...




Argazkia: "Herria" diskorako irudiak / Egilea: Marie-José Durquet



Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *