diskoa

Literaturia: "eta tira eta tunba" eta harrobia



Bart, lagun onez inguratuta, Joseba Tapiaren lan berriaren aurkezpen kontzertua ikusteko aukera izan nuen, Larrabetzun antolatu duten Literaturia egitasmoaren barruan kokatzen zena. Saioa 22:30ak aldera hasi zen Anguleri Kultur Etxearen parean eta egia esan asko harritu gintuen lekuak. Argazkietan ikus dezakezuen moduan, xarma duen txokoa dela dudarik ez.

Iguripena handia zen "eta tira eta tunba" lan berri honen inguruan, ordura arte ezer entzuteko aukerarik izan ez genuelako eta Joseba musikari originala eta ausarta izanik seguru ondo antolatutako saioa eskainiko zuela. 5 musikariz inguratuta (tronpeta, saxoa, tronboia, tuba eta bateria jotzaileak) agertu zen eta diskoaren gaineko azalpen batzuk eman ondoren, emanaldiari hasiera eman zioten.

Bere bakarkako aurreko lanekin aldaratu ezkero, antzekoena "Agur Intxorta Maite" izango litzateke batez ere historiako garai zehatz bateko koplak eta kantak biltzen dituelako, karlista eta liberalen sasoian kasu honetan. Hala ere, entzun nuena kontutan hartuz, musikalki ez dauka azken horren antza askorik. Oraingoan haizezko musika tresnak aukeratu dituelako eta jazzbana-ren kutsua handiagoa delako "Intxorta"ren biluztasuna baino. Hala ere ez da edozelako jazzbana, musikariak oso onak direlako eta aditu baten ustetan perkusioan zegoena primerakoa delako. Pena bakarra trikitixa oso gutxi entzuten zela, Tapiak berak hala nahi zuelako edo teknikariak horrela hobetsi zuelako, nork daki.

Hiruzpalau kanta asko gustatu zitzaizkidan. Bat nabarmentzekotan azkenean jo zuten biribilketa izango litzateke, zeinekin eszenatokitik jaitsi eta tabernara abiatu ziren txaranga baten antzera bertan saioari amaiera emateko. Beste kantak, lasaiago entzun beharko ditut diskoa esku artean izanik, lan honetan oso garrantzitsuak izango direlako liburutxoan etorriko diren azalpenak koplak eta garai hartako pasadizoak ondo ulertzeko.

Hurrengo estekan dituzue bideotxo batzuk eta baita argazkiren bat gehiago ere zuen ondorio propioak atera ahal izateko:



Ekitaldiko momentu bat


Entsaiatzen / Argazkia: larrabetzu.org


Angulerin prestatu zuten txoko ederrean


Bukaeran, txaranga tabernara bidean / Argazkia: larrabetzu.org


Alabaina, Tapia ez da egunotan Larrabetzutik pasatuko den soinujole bakarra, gaur gauen Gose taldeko Ines eta taldekideak entzuteko aukera izango dugulako eta hori baino lehen herriko trikitilari gazteak ere irten direlako kalejiran. Bigarren ikasturtea dugu Larrabetzun trikitixa eskolak ematen eta jadanik fruituak batzen hasi gara nahiz eta oraindik emanaldi xumeak egin behar izan. Hala ere, giroa primerakoa izan da eta jotzeaz gain, kantatu, dantzatu eta bero ikaragarria ere pasatu dugulako, kar kar kar. Hurrengo baten gehiago eta seguru hobeto.


Emanaldia hasi baino lehen dena preparatzen / Argazkia: larrabetzu.org


Abiapuntua / Argazkia: larrabetzu.org


Larrabetzuko kale nagusian pieza bat jotzen / Argazkia: larrabetzu.org

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *