diskoa

"Beti Bizi" diskoaren balorazioa



Urdaibai
ko paduretan lore bitxi bat topa dezakegu, "beti bizi" izenaz ezagutzen dena. Kontutan izanik paduretako ezaugarri naturalak oso baldintzatzaileak direla, benetan harrigarria da horrelako landare bat bertan haztea. Hori da gida batek orain dela aste gutxi batzuk azaldu ziguna herriko gazteekin joan ginenean bertara eta lore honen ereduari jarraiki, ematen du disko honek ere trebetasun eta ausardia hori islatzen dituela. Beraz, izenburua behintzat, ezin aproposagoa.

Zaila iruditzen zait kopla tradizionalei zapore garaikide bat ematea, are gehiago hamaika bertsio kaleratu direnean honezkero. Hala ere, zin degizuet disko honek ikuspuntu zeharo berritzailea duela eta benetan iraultzailea izan daitekeela. 12 kantez osatua dago eta gehienak euskal dantzen melodiak dituzte ardatz, nahiz eta tarte oso libreak dauden inprobisazio eta aparteko moldaketentzako.

Xabier Amuriza dugu aitzindaria orain dela ia 10 urte Tapia eta Leturiak ateratako "Bizkaiko Kopla Zaharrak" diskoan bezala. Alabaina, ez nituzke lan bi hauek konparatuko ez litzatekeelako justua izango, perspektiba oso ezberdinez eginda daudelako. Jakin, proiektu berri honetan Amurizak kanta baten baino ez duela abesten, baina bere eragin etengabea atzeman dezakegula pieza guztietan. Menturatuko nuke bera ere harrituta geratu dela emaitzarekin eta duen ikuspegi zaharberritzailea kontutan hartuz, seguru pozik dagoela produktuarekin.

Kantika Koralaren inguruan, uste dut oso lan ona egin dutela eta ez nau batere harritu egia esan, kaleratu zuten "Kantika Sakra" diskoa entzun ondoren haien potentzialaz jabetu nintzelako. Zeregin horretan, Basilio Astúlezen lana nabarmendu beharko genuke lan ikaragarria egiten ari delako neska gazte hauekin eta gainera etekin handia lortuz. Koplak kantatzeaz gain, nik musika tresnen zerrendan ere sartuko nituzke, haiek eramaten dutelako kopla hauen melodia eta pisu guztia. Askotan kantatzen baitute base erritmiko edo akorde soil baten gainean, horrek suposatzen duen erronkarekin. Horretaz gain, behin baino gehiagotan Keparekin askotan parte hartu duten Bulgarka laukotea gogorarazi didate, polifonia orekatu eta bikaina sortuz.

Musikan zentratuz, txundigarria da nola uztartzen diren ordenagailuz egindako programazioak musika tresna akustikoekin. Oso konpilazio lan fina egin behar izan dute dena osotasun koherente baten biltzeko, zaila izaten delako hamaika efektu eta hamaika nota ondo uztartzea. Presentzia berezia dute programazio eta pianoak, biak Jose Luis Canalen eskutik eta txalapartak, bai egurrezkoak eta baita harrizkoak ere. Trikitixa entzuteko aukera ere badugu, baina ez dauka aparteko pisua kantetan eta gehienetan bigarren maila baten gelditzen da. Junkerak ez du nahi izan trikitixa protagonista bilakatzea eta horrexegatik soinu txikiaz gain, moldaketa eta perkusioez ere arduratu da diskoa ikusmira zabal eta pluralago batez hornitzeko.

Osotasunean entzunda, oso lan apurtzailea izan daitekeela uste dut, agian inflexio puntu bat markatuko duena etorkizunean soinu txikiak jarraituko duen bidean. Neuk behintzat euskal musika munduan gauza antzeko gutxi entzun ditut, agian Tomas San Miguelen zerbait, baina ñabardura txikiak baino ez. Nahiz eta musika elektronikoak garrantzia handia izan, ez nuke Bunpada Sound edo Gose bezalako taldeekin konparatuko, erabat ezberdinak direlako estiloak. Kanta batzuetan ordea Mike Oldfielden kantaren bat ekarri didate gogora, Tubular Bells-en bat barne. Alabaina kutsu asko identifikatu daitezke entzulearen arabera eta horren adierazgarri, lagun batek "Chill Out" disko bat ote zen galdetu didala zati bat entzun ondoren. Baina beno, ikusiko dugu jendeak horrelako lan baten aurrean nola erantzuten duen eta horren arabera diot nik gehiago edo gutxiago ustiatuko dela bide berri hau.

Laburbilduz, uste dut Keparen lanik berritzaileena dela 2006an "Hiri" atera zuenetik. Ordutik euskal kanten bilduma eta "Sessions" disko biak atera dituelako, zeinetan beste erregistro minimalistagoetan aritu den. Azaroan "Herria" kaleratzearekin batera amaiera emango dio kanta tradizionalen trilogia horri eta ondoren etorriko diren lanen hastapen puntua "Beti Bizi" hau izan daitekeela pentsatzen dut. Ikusiko dugu hurrengo hilabeteetan zerekin datorkigun...

Diskoa Elkarren webgunean eskatu dezakezue, denda askotara ez delako oraindik heldu. Bien bitartean, ea entzuteko aukera duzuen eta gogorarazten dizuet bertan ere zuen iruzkina idatzi dezakezuela zuen aburuekin.


Kantika, Amuriza eta Junkera / Madariaga Dorretxean (Busturia)


Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *