diskoa

IX. Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren kronika



Beste konpromiso batengatik ez nuen joateko asmorik aurtengo Nazioarteko Trikitixa Jaialdira, baina plan aldaketa baten ondorioz eta goiz horretan bertan jasotako gonbiteak eraman ninduten Getxora larunbat iluntzean.

Bi ordu eta erdiko ikuskizuna izan zen eta ia goraino zegoen aretoa. Parte hartzaileei dagokionez, gehienak ezezagunak ziren niretzat eta horretxegatik oso sorpresa atseginak jaso nituen emanaldiaren zehar eta horrek dira nabarmenduko ditudanak.

Alde batetik, Mirari Azkune eta Aitziber Otegiren saioa bereziki gustatu zitzaidan eta asko poztu ninduen jakiteak Mirari bizkaitarra dugula, bertan ere harrobi ederra dagoenaren seinalea da eta. Errepertorio bariatua eskaini zuten eta argi utzi zuten badaukatela eskarmentua erromerietan.


Mirari Azkune


Euskaldun bikotearen ondoren, beste bikote harrigarri bat taularatu zen, Blai Casals eta Manu Sabaté kataluniarrak hain zuzen ere. Kanta tradizionalak jo zituzten baina oso kutsu modernoarekin. Hori gutxi ez balitz, Blai trikitixa jotzen zuen bitartean bonboa eta txastona ere jotzen aritu zen. Bertara hurbildu ginen gehienok txundituta geratu ginen gazte honen abileziaz, ez baitzituen erritmo sinpleak jotzen eta arras zaila izan behar delako dena uztartzea.


Blai Casals


Azkenik, atzerritik etorritako beste talde biak azpimarratu nahiko nituzke, soinujoleak onak baziren ondoan zituzten gitarra-joleak paregabeak zirelako. Italiarrak energikoagoak ziren eta nahiz eta intentsitatea etengabe aldatu, indar asko transmititzen zuten. Bretainiarrak aldiz, berezko duten aire zelta hori jariotzen zuten eta atmosfera gehiago sortzen zuten. Gadalzen taldea gogora ekarri zidaten behin baino gehiagotan, biak frantsesak eta estilo antzekoa izanik parekotasun asko dituztelako.


Irosima taldeko gitarra-jolea


Orokorrean oso saio heterogeneoa izan zen, aurretik aipatu ez ditudan Kupelak proposatu zuen saio martxoso eta Xabi Aburruzagak aurkeztutako ikuspegi garaikidearekin osatu zena. Ahaztu gabe, Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek burutu zuten aurkezpen aproposa bezain dibertigarria.


Parte hartzaileak ekitaldiaren bukaeran


Esker bereziak Miren eta Harkaitzi; konpainia hobeagorik topatzea zaila baita


Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *