diskoa

Bertoko taldearen XV. urteurrena



15 urte igaro dira Bertoko taldea abian jarri zenetik eta asteburu honetan ospatu dute urteurrena. Ibilbide horren etapa bat bete nuen eta horrexegatik zertzelada batzuk emango ditut nire esperientzia oinarritzat harturik.

Guraso talde batek jarri zuen taldea martxan kultura arloan eta musikan zehazki zegoen hutsune bat bete nahiaz. Musika eskoletan eskaintza formalagoak bazeuden, baina talde bat osatzeko ikuspegi akademikotik harago joan behar izaten da eta horrexegatik bildu, irakasleak bilatu, udal lokal bat atondu eta Bertoko Soinu Tresnen Elkartea sortu zen Zamudion. Lehendabiziko esker ona haientzako, hutsetik musikazale askoren ametsa bete ahal izateko egitasmoa eraiki zutenei.

Ni bigarren urtean hasi nintzen bertan trikitixa ikasten, 1997an hain zuzen ere. Bertan urtetxo batzuk eman nituen, irakasle paregabeen gidaritzapean. Ezin ahaztu Koldo Gaztañaga, Edurtzeta Ania, Harkaitz eta Iker Allur... zenbat doinu, zenbat barre, zenbat pasadizo, zenbat denbora 4. pisuko lokal haretan. Haien pazientzia eta dedikazioari zor diet naizen apurra, maila profesionalean eta batez ere pertsonalean, haien konpainian gizondu bait nintzen.

Mende aldaketarekin batera bizi izan zuen Bertokok loraldirik ederrena, trikitilari eta panderojole mordoa pilatzen bait zituen eta hori baino garrantzitsuagoa, kudeaketa eta giroa ezinhobeak zirelako. Ekitaldiak adin, genero, estilo eta izakera ezberdinez koloreztatzen genituen. Ez genuen perfektu jotzen, ez genuen errepertorio bukaezina,... beste zerbait geneukan; nork daki zer. Emanaldi guzti horietan parean izandakoei ere eskerrik asko, gehienei haien laguntasunagatik eta besteei, konpartitutako melodiengatik sikeran.

Orokorrean momentu itzelak bizi izan genituen egia esan. Bat nabarmentzekotan 2002an antolatu genuen Euskal Herriko Trikitixa Eguna, hilabete asko lanean eman ondoren fruitu ederra batu genuen eta udaberri hartan. Milaka trikitizale bertaratu ziren Txorierrira eta eguraldia lagun, inoiz ahazten ez den bizipen horietakoa izan zen. Hala ere, emanaldi xumeenak ziren Bertokok zeukan arimaren erakuslerik onenak. Hauetan ikusten bait zen jendearen konpromisoa, sakrifizioa eta musikareriko maitasuna. Izan ere batzutan ahaztu egiten zaigu horrelako taldeen ardatza musika izan behar dela, beste guztia bigarren mailakoa izanik.

Sasoi ilunak ere etorriko ziren gero; Hertzainak taldeak esaten zuen moduan, "barearen ostean dator ekaitza". Baina ez ditzagun hautsak astindu, horrela gauza gutxi lortzen baita. Hobe gogoeta sakona egitea urteetan pilatutako afera guztiak bideratu eta egunen baten ahazteko.

Nik behintzat egin dut nire hausnarketa; ez ditut nire sustraiak ukatzen, harro nago egindakoaz. Baina denbora larregiz zabalik mantendutako atea itxi egin berri dut, nahiz eta lagun onen gomendioei jarraiki lehio bat zabalik utzi dudan, badaezpada. Azken esker ona izendatzerik behar ez den horientzako, onerako eta txarrerako ondoan ditugunontzat, justuak izaten saiatzen direnentzat, ikuspegi bateratzailea duten horientzat, laguna defendatzeko aurrera pausua ematen dutenentzat,... ESKERRIK ASKO!





Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *