diskoa

BEHIA JEZTEN

Gure baserrietan geroz eta behi gutxiago dauden arren, Euskal Herrian esne beltza ematen duen abere bitxi bat badugu. Jatorri ezberdinetako partaideek osatzen dute ganadua jezten duen taldea, konbinazio potentea bezain aberasgarria.

Orain egun gutxi Zornotzan ikusteko aukera izan nituen eta beste behin harritu egin ninduten, egunero birziklatzen direlako eta ekitaldiz ekitaldi aldaketak egiten dituztelako, beti berritze etengabea bilatuz. Proiekzioak esaterako geroz eta ikusgarriagoak dira, kolorea emateaz gain mezua helarazten laguntzen dutenak. Baina horrez gain beti dago bertsioaren bat, kantaren bat, kolaborazioren bat, pasadizoren bat,... bi kontzertu berdin ez eskaintzeko.

Musika eta mezua behar bezala uztartzea, musikari ororen desio izkutua izaten da, ez baita erreza izaten koherentziaz burutzea. Izan ere sarritan bietako bat erren gelditu ohi da, baina hauek orekaren formula topatu dute eta gainera ez dira gai antzuetan jausten. Euskara, berdintasuna, integrazioa, euskal gatazka, eskubideen urraketa, euskal tradizioa,... dira musikaz mamitzen dituzten aferak, era dantzagarri eta energetikoan gainera.

Diskoz disko, biraz bira garai bat markatzen ari dira aurreko hamarkadetan beste talde batzuk egin zuten moduan, kanta eta momentu atenporalak bilduz ibilbidean zehar. Ume, gazte, geu bezalako "gazte" eta helduak biltzea merituzko lana da, talde handienek baino lortzen ez duten ikusmiraz. Kanta batzuk besteak baino gehiago gustuko izango dituzte entzuleek, baina gehienak ados daude eszenatokian hutsitu egiten direla musikariok.

Trikitilariok harro sentitzeko moduan gaude Xabi Solano soinujoleak lortu duenaz, munduko hamaika bazterretan zabaltzen ari delako ez bakarrik gure musika tresna, baita gure ondarea ere. Hori gutxi ez balitz, gure ikasle askoren erreferente bilakatzen ari da eta seguru nago belaunaldi askoren inspirazio izango dela.

Behi hau oparoa da, emankorra urtaro guztietan eta horrexegatik pentsatzen dut Esne Beltza urte askotan zehar edateko aukera izango dugula. Probatu ezazue, atsegin izango duzue eta!


Bertan atera nituen argazki eta bideoekin egindako muntaia



Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *