diskoa

PERE ROMANÍ trikitilari katalana

Orain dela urte batzuk Carles Belda soinujolearen kasua ezagutu nuenean biziki harritu ninduen gure muga fisikoetatik harago jaiotako pertsona bat trikitixa jotzen ikusteak. Gure musika tresna maitatua, katalanizatua, baina duen berezko izaera galdu gabe.

Aurrerago Pere Romaní ikusteko aukera izan nuen Nazioarteko Trikitixa Jaialdi baten eta gerora hurbiletik segitu izan dut bere ibilbidea. Kataluniako akordei diatonikoaz gain, trikitixa ere jotzen du eta hori baino garrantzitsuena, gure kulturan busti-busti eginda dago. Nik behintzat mirestu egiten dut euskaraz zuzentzea, kantuan ere ahoskatze bikaina izatea eta gure ondarearekiko horrenbesteko errespetu eta maitasun izatea.

Orain dela hilabete batzuk bere proiektu berria blogean jarri nuen, Marinette Bonnert akordeoilariarekin batera duen "21 Boutons" egitasmoko azken diskoa alegia. Lan hau akordei diatoniko zaleen nahiak asetzen dituen horietako da, armonikoki landua eta melodia gozoez jantzia. Han eta hemengo iturri tradizionaletatik abiatzen da, baina gaurkotua da guztiz, ez du zahar usainik eta altxor ederrak berreskuratu dituzte okasiorako. Izan ere interprete bikainak dira bai Pere eta baita Marinette ere bai, elkarrenganako sinkronizazio bikaina lortuz. Baina jotzaile hutsez gain, sortzaile dohain apartak ere badituzte moldaketetan ikusten den bezala. Gainera Perek sortutako hiru pieza ageri dira "Sur Son 31" diskoan eta bertan ikusten da trikitixaren eragin zuzena, izan ere bat fandangoa da eta beste bat arin-arina. Entzuteko aukera badituzue, pieza hauek ez dute zer enbidiatu euskal soinujole ezagunek sortu dituztenetara. Sortutako hirugarren pieza, lehenbailehen inportatu beharko genukeen runba ederra da, itsaskorra eta aberasgarria. www.21boutons.com

Webgune honen bitartez hamaika kontu ikasi ditut eta pertsona ezberdinak ezagutzeko aukera ere izan dut. Kasu honetan Pereren beste proiektu bat ezagutzeko aukera izan dut zuzenean bere eskutik. Ratafia du izena taldeak eta diskoak "Olor de nou". Honetan are nabarmenagoa da trikitixaren eragina, gure kanta tradizional batzuk bertsionatu dituztelako. Mutteya, Triste bizi naiz eta edo Ai, Simon kantuak entzuteko aukera dugu taldeak duen soinu karakteristikoaz jantzirik. Albumaren zatirik handiena soinu, klarinete eta panderoaz sortu dute eta agian, itxurazko sinpletasun horrengatik, atsegina da oso entzuteko. Horrezaz gain Pereren beste sei konposizio daude, kalejira eta arin-arinak tartean. www.somratafia.com

Aste batzuk daramatzat disko biak entzuten eta geroz eta gehiago gustatzen zaizkit, haize fresko dira diatonikoen zaleentzako. Izan ere horrelakoetan jabetzen gara zenbat ikasteko dugun gure mundutxotik kanpo dauden besteengandik eta kasu honetan, Pirinioen magalean dauden eta Meditarraneoak busti egiten dituen lur haiengandik.


Moltes gràcies Pere, ets un atentico artista!

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *