diskoa

BOSTURTEKOA

Orain dela 5 urte jarri nuen martxan webgune hau. Hasiera baten nire trikitixako ikasleentzat zuzenduta zegoen baina denbora gutxian irakurle gehiago hurbildu ziren eta orduan hartu zuen gaur egun duen zentzua. Zein da? Ba trikitixaren inguruan ematen diren berriak biltzea eta bide batez trikitizaleentzako topagune izatea.

Berriki 100.000 bisitak gainditu ditu txoko honek eta zifra borobil hori aprobetxatuz ondorengo sarrera hau idaztea pentsatu dut. Izan ere bada zer kontatu eta zer eskertu.

Estatistikei begira lehendabiziko esker ona gure diasporari dagokio, bisiten % 25a Estatu Batuetatik heltzea kasualitatea ez delako. Jasotako mezuengatik badakit handik jarraitzen dituztela gure soinu txikiaren gora-beherak eta hori ikaragarria iruditzen zait. Munduan zehar eta hain urrun egonik sustraiak mantentzen dituzten horientzako besarkada estu bana beraz.

Abagunea aprobetxatuz Euskal Herriko Trikitixa Elkartea ere aitatu behar dut. Irakurle askok komentatu izan didatelako elkartearen webgunea nahiko desfasatuta dagoela eta egia da, baina eurengatik jaiotzen dira trikitixaren inguruan ematen diren albiste eta egitasmo gehienak. Beraz, eskertzekoa da belaunaldi ezberdinetan elkartean lanean aritu direnek egindako lan guztia, horretaz denok aprobetxatzen garelako.

Esan beharra dago webgune honek ez duela inolako diru laguntzarik jasotzen, ematen dituen gastu apurrak nire boltsikotik irtetzen direla. Horrek askatasun osoa ematen dit noski; nik aukeratzen dut zer jarri eta nola jarri. Saiatzen naiz arlo pertsonala kanpo uzten eta iritziak ematean ahalik eta objektiboen izaten, batzutan zaila izan arren. Baina hemen ez dago beto ezta zentsurarik ere ez, albiste eta egitasmo guztiek dute kabida eta agertu ez direnak ezjakintasunagatik izan da. Beraz hauspoaren inguruko berririk baduzue, bidali eta bertan jarriko ditut.

Eskerrik asko webgune honetatik pasatu zaratenoi eta sare sozialen bitartez jarraitzen duzuenoi; bereziki edukiok apreziatu eta hala adierazi didazuenoi. Horri esker merezi du webgune honekin aurrera jarraitzea.

100.000 esker on!


Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *