diskoa

KHERAUren bigarrena

Talde bizkaitarra dugu Kherau, folkean oinarrituz bide berriak jorratzen dituena. 2010. urtean lehendabiziko diskoa kaleratu zuten "Munduan Ortozik" izenburupean eta orain, hiru urteko ibilbidearen ondoren, bigarren lana grabatzen ari dira Mungiako Gaua estudioan. Haiek esaten duten moduan "beste urrats bat", urte amaieran argitaratzeko asmoa dutena. Alabaina zuzeneko bandatzat dute haien burua eta horretan aritu dira azken urtetan bai Euskal Herriko eszenatokietan baita gure mugetatik at daudenetan ere. Grabaketa emanaldiekin bitartekatzen ari direnez, egunotan aukera duzue taldea taula gainean ikusteko.


Esperientzia handiko musikariak dira denak, hamaika talde eta egitasmotan parte hartutakoak eta hori lehendabiziko momentutik atzematen da. Horri esker lortu dute soinu karakteristiko hori, musikari bakoitzaren dohainak uztartuz alegia. Nortzuk osatzen dute taldea? Honexek: Ibonek ahots printzipala, bouzoukia, mandolina eta gitarra; Aitorrek baxua; Ikerrek alboka, txistua eta txirulak; Gaizkak perkusioak eta Alexek trikitixa. Azken hau lehendabiziko diskoa bukatu eta gutxira sartu zen taldera eta horrexegatik disko honetan soinu txikiak presentzia handiagoa izango du. Kolaborazio bereziak ere izan dituzte estudioan, taldearen inguruan mugitzen diren lagunenak batez ere. Izan ere kherautarrentzat oso garrantzitsua da haien publikoa eta eskertu nahi izan dute babes hori diskoan parte hartzeko aukera emanez.

Musika talde utopikoen tankera hartzen du Kherauk; izan ere musikari guztiak maila berdinean daude, norbere ekarpenak eginaz eta beti abestiaren alde; banakako egoak eta etekin ekonomikoaren mamua alde batera utziz. Hori taldearen giroan eragin zuzena du noski eta haiekin bost minutu eman ondoren nabaritzen da taldekideak izateaz gain, lagunak ere badirela sei mutil hauek. Sei bai, berriki Bruno teknikaria era trinkoan gehitu delako formaziora.

Azaltzen duten moduan Kherau hitzak egin esan nahi du erromintxelaz eta ekinaren ekinaz, egin egiten ari dira lan izugarria musika esparru honetan hainbeste eskertzen den proiektu bat sortuz. Baina letraz baino, hobe haien hitzetan entzuten baduzue disko berriaren nondik norakoak. Bertan duzue estudioko arratsalde atsegin baten grabatu genuen erreportaia, bukaerako sorpresa barne.


Eskerrik asko kherautarrok!

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *