diskoa

ZEANURIKO KRONIKA

Atzo Zeanurira hurbildu nintzen, oporraldia aprobetxatuz, bertako XXXIII. trikitixa txapelketa zuzenean ikusteko aspaldiko partez. Gaur egun eta batez ere Andoni Lizarraldek bere Txoko Musikalean egiten duen lan izugarriari esker aukera dago gerora ere bideoak ikusteko, baina hainbat gauza zuzenan ikusi eta sentitu beharrekoak dira.


Zazpi bikote aritu ziren taula gainean eta ondo baino hobeto gainera. Txapelketari Ane Elola eta Ariane Urdanpilletak eman zioten hasiera eta ondoren irabazle bilakatuko ziren Itsaso eta Irune Elizagoien igo ziren. Webgune honetako beste sarrera baten aitatu nituen ahizpa nafartar hauek azken urtetan txapela gehienak bereganatzen dabiltzalako. Merituzkoak, ez pentsa inork oparitzen dizkietenik eta oraingoan ere, saio bikaina eskeini zuten. Hegemonia hori alabaina ez luke zentzurik izango atzetik beste bikote indartsurik ez balego eta horretan dihardute Euskal Herriko trikitilari askok.

1. Itsaso eta Irune Elizagoien

Txapelketaren nondik norakoekin jarraituz, gerora hirugarren postuan geratuko zirenak agertu ziren, Josune Arakistain eta Alaitz Eskudero alegia. Bikote hau ez nuen ezagutzen eta oso sorpresa atsegina jaso nuen, errepertorio ausarta aukeratu zuten; izan ere edozein ez da ausartzen Nondik Jo Maurizia esaterako txapelketa baten jotzen. Hauen ondoren kasualitatez bigarren lotuko zirenak etorri ziren, Julen Alonso eta Eneritz Aulestia. Txapelketa baten kontutan hartzen diren irizpide guztiak alde batera utzi beharko banitu eta gustuen araberako aukeraketa egin, azken hauen saioa izango litzateke nire hautaketa pertsonala. Saio dotorea izan zen, errepertorioa ere ederra eta bikote artistiko bezala lortzen duten sinkronizazio hori ondo helarazten dute eszenatokitik.

2. Julen Alonso eta Eneritz Aulestia

Ez pentsa hemen amaitu zenik ikuskizuna, beste hiru bikote igo zirelako taula gainera. Jone Uria eta Iñaki Etxaideren ondoren Beñat Ganboa eta Julene Otegi igo ziren eta bukatzeko, Ander Blasco eta kasu honetan panderoaz Jone Uria aritu ziren. Bikote guztiek izan zuten elementu adierazgarriren bat baina horrelakoak dira txapelketak, neurri baten injustuak subjektibotasunak agintzen duelako. Kasu honetan behintzat, txapelketa gehiagotan urtetan egon ez naizelako, epaimahaiak lan oso ona egin zuen eta kasualidadez edo ez nire kinielarekin bat egin zuen. Beraz, irizpide guztiak kontutan hartuta, ni behintzat guztiz ados hiru garaikurren banaketarekin.

3. Jasone Arakistain eta Alaitz Eskudero

Aitortu beharra daukat inoiz ez naizela txapelketa zalea izan, musika edo artea orokortuz eta lehia uztartzea ez zaidalako oso aproposa iruditzen, baina demostratuta dago trikiti txapelketek soinujole askori on egin dietela eta harrobi garrantzitsua izan direla hastapenetik. Norebere aukera denez, printzipioz inor ez doanez behartuta, bultzatu beharreko ekimenak direla ondorioztatu daiteke. Gainera ematen du adiskidetasun handia dagoela partaideen artean eta hori dudarik gabe onuragarria da denontzat. Hala ere txapelketak bideko beste urrats bat bezala kontsideratu behar direla pentsatzen dut, inoiz ere helmuga bezala. Gazte hauei ere helduko zaie adina txapeleketez agurtzeko eta ondoren etorriko direnak emango diote zentzua gaztetan egindako lan eta sakrifizio guztiei. Ikusi nahiko nituzke taldeak sortzen, proposamen berriak plazaratzen, klaseak ematen, diskoak grabatzen,... norbere bidea jarraitzen eta hauspoa etengabe astintzen; ez daitela dena geratu apaleko txapel horietan. Hori da opa diedana trikitilari gazte bikain hauei; hori da benetako helmuga, gure mundu txiki honi ekarpenen bat egitea, disfrutatzea eta trikitilari izatea bizitza osorako.

ZORIONAK HAMAIRUOI!


Argazki-bilduma osoa: ttiki.com/53946

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *