diskoa

GEURE, Xabi Aburruzaga

Trikitilari bizkaitarra bueltan da 2009an "Denboraren Naufrago" diskoa kaleratu zuenetik. Azken urte hauetan mamitu duen "Geure" lana aurkeztu berri du lantalde handi batez inguraturik. Grabazioa Andoaingo Garate estudioan burutu zen urte honetako udaberrian eta ekoizpenean bere lanetan ohikoa den Mikel F. Krutzaga aritu da, soinu paregabea bermatzen duena. Oraingo honetan diskoa autoekoiztu egin du Xabik DNDiskak zigilupean eta zuzenean erosi dezakezue bertan: info@dndiskak.com


Kolaboratzaile ugari ditu diskoak eta beste horrenbeste musika tresnen soinu, lana kolore askoz janzten dutenak. Bere bandan presente dituen gitarra, bateria, txirula, pandero, baxua eta abarrez gain soka eta haize taldea, alboka, teklatua edo mandolina esaterako atzeman daitezke hamairu piezetan. Nahasketa honek estilo ezberdineko kantuak eragin ditu, trikitixaren protagonismoa gutxiagotu gabe, eta badira kutsu zelta dutenak, jazzeroak, blueseroren bat edo lirikoak, izan ere diskoko 4 kantek letra dute. Hitzok idazle ezagunek sortu dituzte; Kirmen Uribe, Unai Elorriaga eta Iñaki Aurrekoetxeak hain zuzen ere. Ondorengo bideoan ikus dezakezue "Geure" primeran laburbilduta:



KRITIKA

Joseba Tapia eta Kepa Junkeraren ondoren heldu garen trikitilari askok sarritan entzun behar izan dugu baten edo bestearen antzera jotzen dugula; antza ezinezkoa da estilo biak uztartzea; bide bat ala bestea aukeratu beharra dago, ez da erdibiderik. Jakin badakigu soinujole bi hauen eragina ezin dela ukatu, mugarri garrantzitsuak ezarri dituztelako, ondorengoak horretaz probeztu gaitezan. Baina badira horien ondoren haien esparru edo txokoa bilatu duten trikitilariak ere eta Xabik azken lan honekin behintzat hori lortu du. Ez pentsa lorpen makala denik, gutxi batzuen eskura baino ez dago eta.

Kanta eder asko daude disko honetan; "Soinu gorria" adibidez neure altxorren artean gordeko dudan horietako bat da; "Apirilak 10" trikitixaz jotzeko aterako dudan pieza izanen da seguru. Laburbilduz, edozein trikitizale edo musikazalek gustoko izango dituen abestiak badira lan honetan, baina araketa lan hori zuen esku uzten dut.

Heldutasunak ematen duen ausardia eta konfiantzaz baliatu da Aburruzaga orain arteko disko pertsonal eta sakonena sortzeko. Izan ere entzunaldi azkar baten ohartu gaitezke berezko ezaugarriak dituela album honek, euskal musikagintzan ohikoak ez direnak gainera. Entzunaldia ordea sakonagoa bada, orduan azaleratzen dira portugaletetarrak hainbeste maite dituen ñabardura horiek. Soinu propio, autoekoizpen eta lantalde fin batek ematen duen segurtasunak askatu egin du sortzailearen ametsa eta hona hemen bere mugarri sendo bat, "Geure".


Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *