diskoa

GORA!, Esne Beltza

Hemen da, heldu da Esne Beltzaren disko berria sortu duten 5Gora zigiluaren eskutik. Jakinmin izugarria piztu du lan honek azken hilabeteetan, argi eta garbi atzeman denez sare sozialetan. Diskoaren izenburua GORA! da eta orain dela 4 urte kaleratu zuten Noa diskoaren nolabaiteko jarraipena dela diote taldekoek; positibotasuna zabaldu nahi duen kantu sorta finean. Durangoko Azokan izango da salgai Esne Beltzaren stand-ean eta azokako egitarauaren barnean emanaldi berezia eskainiko dute abenduaren 6an Ahotsenean eguerdiko 14:30etan.

Kanta dantzagarriak eta hitz konprometituak dira Esne Beltzaren osagarri nagusiak eta horri leialak izan dira orain ere, nahiz eta kanta lasaiagoak ere agertu. Azken hauek ere kabida izan dute zalegoan; Gogoak esaterako kanta kuttuna delako askorentzat eta disko honetan badira ere bihotz bat baino gehiago hunkitu egingo dituztenak. Memorian anklaturik lotzen diren hitz mamitsuen ardura Etzakit-en sasoitik Solanorekin elkarlanean diharduen Txuriyak hartu du beste behin, mezu sakon eta aldarrikatzaileak plazaratuz. Musikari dagokionez taldeko buru den Xabi Solano arduratu da batez ere, nahiz eta beste taldekideek ere euren ekarpenak egin. Kunbia, ska eta reggae doinuak dira nagusi, baina bada Esne Zopak-en haritik trikitixa eder bat edota The Solanos zenaren tankerako beste pieza kañero bat ere; entzule guztientzako abestiren bat egon badago. Laburbilduz, 17 pieza datozen hilabete eta urteetan etengabe entzun eta gozatuko ditugunak. Izan ere Esne Beltza zuzeneko taldea dugu eta hori preparatzen dihardute orain; otsailean berriz ere taularatzeko eta jendea dantzan jartzeko.


Grabazioa irailean hasi zen Ereñozun eta azaroan Bardozen amaitu. Bertatik pasatu ziren hamaika kolaboratzaile eta lagun disko aberats eta ñabarduraz betea osatzeko, besteak beste: La Pegatinako Adrià, D'Callaos-eko "La Canija", Little Pepe, Fermin Muguruza, La Mala, Kristina Solano, Oskar Benas edo Igor Fino. Oso berritzailea den diskoa dugu hau, bai musikalki eta baita ekoizpen aldetik ere. Elementu berriak erabili dituzte kantak sortzeko unean eta Esne Beltzaren zaporea galdu gabe aurrera pausu bat eman dute. Diseinuan ere apostu garrantzitsu bat egin dute eta horretaz arduratu da Udane Juaristi artista azkoitiarra, estilo urbanoz diskoari aparteko ikusmira emanaz.

Disko honen ekoizpen prozesua zaleek jarraitu dezaten argazki eta bideoak igotzen joan dira aldian aldiro. Horren ardura neurri baten nire gain jarri dute, grabazioan kamara lagun arituz. Esperientzia izugarria izan da benetan, asko ikasi eta bizitzeko aukera eman didana; zorionekoa neu. Lehendik miresten nituen baina ikustea zelan manejatzen diren, zer nolako musikari handiak diren eta maila pertsonalean zein jatorrak diren, nire aurreikuspen guztiak apurtu dituzte. Ezin eskerrak behar beste eman jaso dudan guztiagatik. Grabazio prozesuaren laburpen hori, azken hilabete hauetan esku artean izan duten GORA! diskoaren Making Of-ean ikus dezakezue:


Ekoizpen prozesu osoaren lekuko hurbila izan naizen heinean urteko diskoa izango denaren aurrean gaudela baieztatu dezaket. Taldean eta baita euskal musikagintzan mugarri bilakatuko dena, asko izango direlako Esne Beltzak zabaldutako bide hau igaroko dutenak aurrerantzean. Azken finean talentuaz, taldearengan sinestuz, faktore komertzialak albo batera utziz eta amankomuneko proiektuan gogor lan eginez lan traszendental bat lortu dutelako. Etapa berri bat Esne Beltzaren eboluzioan. 

Badator gorakada, GORA!



Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *