diskoa

ETA ORAIN, ZER?

Azken boladan inguruko trikitizalekin eta sareen bitartez ezagutzen ditudan beste batzuekin hainbat gaien inguruan eztabaidatu dugu, beti ere giro on eta atseginean. Gai horrek komuneko hari bat izan dute; tradizio eta berrikuntzaren arteko lerro hori zein den eta non aurkitzen den. Izan ere, asko gara uste dugunok aspaldian sen berritzaile hori faltatzen dela antolatzen diren ekimenetan. Posible da, trikitixak bizi izan duen momentu osasuntsuenetako baten gaudelako; egokitu, egonkortu eta neurri baten konformista egin garelako. Ikasle kopurua ona da, jaialditan jendeak aretoak bete egiten ditu, zuzeneko talde askotan hauspoa astintzen da,... baina gure musika tresnak bizi izan duen etengabeko berrikuntza ez al da orokorrean eten edo moteldu azken urteetan?

Sentsazio hori beste batzuk konpartitzen dutela ohartarazi naizenean gogoeta hau egitea otu zait; hori baita sarrera hau, hausnarketa soil bat, ez kritika bat. Sarritan ni neu jausi naizelako aurretiaz egindako molde horietan, nahita edo nahigabe eta gero hortik ezin atera. Orain gutxi esaterako trikitixa txapelketa baten antolakuntzaz ari ginela txantiloi estandar bat aplikatzea egokiena zela pentsatu genuen, ondo funtzionatzen baldin badu zertarako aldatu. Lankide batek ordea zera komentatu zidan... oraingoan musikalitatea edo adierazkortasuna esaterako kontutan hartuko dira? edo betikoa epaituko da? Aitortu behar izan nion arrazoi guztia zuela, besteak beste betidanik uste izan dudalako teknika ez dela funtsezkoena, horren galeraz ikaragarrizko talentua duten musikariak ezagutu ditudalako batez ere. Gainera perfil zehatz bateko trikitilariak bilatuz, beste asko aldendu eta zirkuitotik kanpo geratzen dira. Gremioko beste lankide batek ere gogoeta interesgarria bota zuen beste foro baten; zergaitik derrigorrez baserritarrez jantzita irten behar dira? Imagina genezake Bertsolari Txapelketa Nagusiko partaidea horrela jantzita? Eta bai, ematen du uste baino klitxe gehiago ditugula gure gain.

Aste honetan besteak beste trikitixa egun bien berri izan dugu egun berdinean, bata Euskal Herrikoa eta bestea Bizkaikoa. Kartelak ikusi nituenean ezin izan nuen hurrengo ondorioa burutik kendu: azken urteetako egitarau bera eguna eta lekua aldatuz. Eta ez, ez da kritika bat hau ere ez... jakin badakidalako baliabide aldetik zer den trikitixa egun bat antolatzea eta sinplea ematen duen arren zelako buruhausteak dakarren. Baina batzutan gauza berrien gabezia atzematen dut, egitarau orokorra bere horretan mantenduz aberastuko luketen detaileak. Horrelako elementu berriak ez dute arrakasta bermatuko, baina behintzat saiakera egitea nik uste merezi duela. Ziur nago gaur egun trikitixa egunetan parte hartzen duen gehiengoak eskertu eta txalotuko zituela eta agian... orain arte joaten ez zen batenbat animatu. Eta bai, badakit; kanpotik dena errezago ikusten da, aitortzen dut. 

Nire esperientziagatik behintzat, ikaslegoaren zati bati itzel gustatzen zaizkie antolatutako ekintza hauek dauden moduan eta parte hartzaile aktiboak dira. Baina bada beste zati handi bat, gehiengoa esango nuke, pasiboagoa dela eta horiei begira zerbait egin beharko genukela uste dut. Irakasten dugun errepertoriotik hasita... baina hori beste baterako utziko dut. Hori bai, azkenean aldaketa ezak zahartzea dakar eta beranduago edo lasterrago, zahartzen dena galdu egiten da.

Beste lankide batekin hausnarketa zabal hau konpartitu nuenean galdetu zidan "ados, eta orain zer?" Ezin erantzunik eman galdera horri, izan ere aldaketa sakonenak antolakuntza lanetan dabiltzatenen eskutan daudelako, ez maila pertsonalean lan egiten dugunon eskuetan. Alabaina gure inguru hurbilenean bai egin ditzakegu gure ekarpenak eta medioetan agertzen ez diren bat baino gehiago ezagutzen ditut nik, esfortsu eta originaltasun handiz eginikoak. Gogoeta honen xedea? Datozen belanauldiak gogotsu eta gustura ikasi dezatela, soinu txikiaz ahalik eta gehien disfrutatzea eta zergatik ez, urte gehiago daramatzagunok motibazio eta sorkuntza iturri berriak arakatzea.

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *