diskoa

TRIKIFOLLIA ikusgai

Aurreko urtean "crowfunding" baten bitartez jakin genuen trikitixaren inguruko dokumental bat grabatu behar zela. Trikifollia-n ikasle talde heldu bat izango zen protagonista Castelfidardora egin behar zuten bidaian, baina trikitixaren ekosistema ere aztertuko zen bide batez. Ni izan nintzen orduan ekarpen ekonomiko txiki bat egin nuenetako bat, gure soinu txikiarengatik egiten diren lanak bultzatu egin behar direlako halan edo holan.

Dokumentalak huts egin dit, ez; asetu egin nau, ezta ere. Izan ere erreportaia bi zati nagusitan banatzen da, alde batetik trikitixaren historia edo berezitasunetaz hitz egiten duena eta bestetik triki taldearen bilakaera erakusten duena. Lehenengoaz hasten da batez ere eta momentu batetik aurrera triki taldean zentratzen da ia guztiz. Nire gusturako momentu horretan interes eta jaminmina galdu egiten du neurri baten. Niri behintzat ez didate aparteko arreta deitzen triki taldearen gora-beherak, are gutxiago komentario pertsonalak egiten dituztenean. Horrekin ez dut esan nahi taldeak ez duenik bere xarma, baina ez horrenbeste minutu betetzeko modukoa.

Aldiz, hasieran esan bezala gustatu zaizkidan elementuak agertu dira, batzuk gutariko askok inoiz ikusi gabekoak. Horren artean esaterako Zero Sette markaren tailerra, zeinetan argipen baliogarriak ematen diren, musika tresnak nola egiten dituzten ikusteaz gain. Dokumentalaren hasierako ilustrazioak eta testigantzak ere oso probetxugarriak ikusi ditut. Zentzu horretan nik pisu handiagoko testigantza gehiago faltan bota ditut, nahiz eta trikitilarion ordezkari bezala Mikel Markez eta Ines Osinaga mailakoak diren. Baina trikitixaz ari garela Maurizia baino ez izendatzea, trikitilarion ikuspegitik behintzat pertsonaia askotaz ahaztea da. Eta amaitzerakoan sentsazio horrekin gelditu naiz, oin-puntetan pasatu dela trikitixaren historiatik. Pintzelada batzuk eman dira eta ondoren triki taldearen bilakaera kontatu da. Agian, taldearen bidaia ardatza izatea baldintzatu egin du historiarako tartea eta ni bezalako "kafeteroak" hori faltan botatzea.

Zaila izan behar du trikitixaren historia zabal eta plurala eskaintzea, horretan askok egin dute saiakera eta gutxik lortu. Eta ikus-entzunezko proiektuetan nabilen heinean, badakit batzutan ezin dela nahi den guztia sartu. Batzutan nahi diren pertsona horiek ez dutelako nahi edo ez dutelako nahi beste joku ematen, bestetan medioak mugatuak direlako eta sarritan denbora ez dagoelako, ez grabaketentzako ezta metraian dena sartzeko. Proiektu honen atzean alabaina esperientzia handidun profesionalak daude eta zentzu horretan nabaritzen da bai irudia eta soinua zainduta daudela.

Esandako guztiaren ondoren pentsatzen dut Trikifollia lehenengo hurbilpen bezala ondo dagoela, trikitixaren mundutik at daudenei begira dagoela batez ere eta honen bitartez bat baino gehiago hurbilduko dela gure mundutxo honetara. Beraz, laburbilduz, ikusi beharreko ekarpena da eta ongi etorria izan dadila Trikifollia gure artera.


Hemen duzue dokumentala osorik ikusgai:


Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *