diskoa

KEPA JUNKERA & SORGINAK, Trikitixaren historia txiki bat

Gaur aurkeztu du Kepa Junkerak "Trikitixaren historia txiki bat" proiektu berria Sorginekin batera. Bere haurtzaroko etxea zenaren aurrean eman du prentsaurrekoa eta jendetza bildu da Rekaldeko txoko horretan. Aurretiaz aipatutako zazpi neska gazteekin aurrerapen bat ere eskaini du zuzenean eta nabari zen egun berezia zela Keparentzat. Izan ere disko-liburu honek trikitilariak musikaren munduan daramatzan 35 urteak bildu nahi izan ditu lan aberasgarri eta oso bat eskainiz.


Diskoan hamazazpi kanta aurki ditzakegu, tradizionalak batzuk eta Kepak sortutakoak besteak. Pieza tradizionalak bere estiloan moldatu ditu bilbotarrak eta horri esker molde berrietara eraman ditu. Kontutan izanda disko osoa soinu txiki, perkusio eta ahotsez eginda dagoela, besterik ez. Horrez gain izenburuak nabarmendu behar dira, izan ere Kepak infernuko hauspoaren figura handienak omendu nahi izan ditu tituloetan; Laja, Landakanda, Sakabi, Elgeta, Epelde, Iturbide, Maurizia, Auntxa,... asko dira aipatutakoak.


Liburuari dagokionez alde batetik Igotz Ziarretaren argazki ikusgarriak ditugu, aparteko ikusmira ematen diotenak lanari. Bestetik Joxean Agirreren testuak daude trikitixaren bilakaera kontatzen dutenak, bizi izan dituen momentu ezberdinak azalduz eta baita protagonista nagusien ibilerak adieraziz. Horretaz gain artxiboko argazkiak, testigantzak eta aparteko materiala ere topa genezake 156 orrialdetan zehar. Liburua esku artean dugunean konturatzen gara ez dela hain historia txikia eta benetan dokumentu historikoa dela, beti ere gure musika tresnaren ezagutza hedatzeko asmoz. Testuak zortzi hizkuntzetara itzuliak daude mundu mailako zabalkuntzari begira.


Hamaika proiektutan aritu ondoren Kepa bere sustraietara bueltatu da hamarkada hauetan ikasitakoa islatuz eta berriz ere trikitixaren munduari erronka berri bat helaraziz. Ezinbesteko disko-liburua edozein trikitizaleentzako. Horra proiektuaren Making Of-a:

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *