diskoa

BILBOko AKELARREA

Ahaztezina izan zen ostegunean Kepa Junkera eta Sorginek eskaini zuten kontzertua edo akelarrea hobe esanda. Nik behintzat ez dut inoiz ikusi trikiti eta panderoz horrelako emanaldi indartsu eta energikorik. Ziurrenik aspaldiko erromerien islada bat ikusteko aukera izan genuen Bilboko Alhondigara gerturatu ginen milaka pertsonok. Izan ere emanaldi erdia baino gehiago hala egin zuten, formula tradizionalari eutsiz, baina ekuazioari konponente berriak gehituz. Eszenatokiaren antolaketatik hasita, publikoa inguru osoa lepoz bete zuelako; pantaila erraldoian eman ziren proiekzioetatik jarraituz. Horrek lagundu egin zuen publikoa ikuskizunean barneratzen, are gehiago kontutan izanda bertaratu ziren asko eta asko trikitixa lehendabiziko aldiz entzuten ari zirela.

Kepa Junkera eta Lajaren irudia proiektatua
Emanaldia trikiti hutsez hasi zen eta Sorginak gerturatu ahala hasi ziren lehenengo pandero hotsak zabaltzen. Beste behin bilbotarrak asmatu du urrats berri honetan proiekturako bikain inguratzen; zazpi neska gazteek eszenatoki gainean duten heldutasuna eta kalitatea izugarria baita. Formatu honetan Kepak inoiz baino zeregin gehiago du noski, musika tresna melodiko bakarra delako eszenatoki gainean eta horrek ardura handia dakar. Ohituta dago alabaina Junkera beharrezkoa den guztia taula gainean jartzen eta ez zen faltan bota beste ezer ere ez. Nabarmendu behar hala ere Ibon Koteron eta Ara Malikian musikari handien kolaborazioa, momenturik gorenenak haiekin heldu zirelako. Koteronek zabaldu zuen kolaborazioen txanda alboka eta albokotearekin eta inork espero ez zuenean agertu zen Malikian publiko artetik biolina joz. Horrek momentu intimoenera abiatu zuen emanaldia, Kepa eta Ara "Bihar arte" joz publikoa isilaraziz. Ondoren eztanda heldu zen.

Ara Malikian
Dudarik gabe kontzertuko momenturik onena eta jendea piztu zuena alboka eta biolinaren arteko talkan heldu zen, musikari biak norgehiagoka ikusgarria eskaini zutelako hara eta hona mugituz. Ara Malikian momentuko biolinjole onenetarikoa izateaz gain ikuskizuna bikain ulertzen duen artista da eta badaki eszenografiak baldintzatzen duela neurri baten arrakasta. Koteron lagun, une ikusgarria sortu zuten Kepa eta Sorginen aurpegietan irribarre zabal bat margotzen zen heinean.

Ibon Koteron VS Ara Malikian
"Trikitixaren historia txiki bat" azken proiektuko piezak osatu zuten ekitaldiaren ardatza. Izan ere, Junkera, diskoan bezala kanta propioak tradizionalekin uztartzen aritu zen emanaldi osoa, aldaketa eta eraikuntza etengabean. Albumetik kanpoko kanta esanguratsu batzuk ere gehitu zituen Kepak errepertoriora, Bok-Espok edo Gaztelugatxeko Martxa esaterako. Azken honekin iritsi zen festa handiaren amaiera, emanaldi osoan zehar tarteka dantzan aritu ziren Beti Jai Alai taldeko dantzariak eta publikoak kate erraldoia osatuz.

Kepa Junkera & Sorginak, Ibon Koteron, Ara Malikian, Beti Jai Alai dantza taldea
Hasieran esan bezala kontzertu epikoa izan zen, hunkigarria; gure soinu txikiarentzat funtsezkoa. Han izan ginen trikitilariak, hamar bat behintzat zenbatu nituen nik, seguru harro sentitu ginela sortu zen giroa ikusita. Beste behin trikitixaren deabruak, sorginak bidelagun, zur eta lur utzi gaitu. Bertan da infernuko hauspoa, bertan da akelarrea.


KONTZERTUA ARGAZKITAN



Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *