diskoa

TRIKITIXA SOLASALDIA

Gaur Bilbon bizi izan duguna ez da ziurraski berriz ere errepikatuko. Solasaldiaren formatua baino, izan ditugun protagonistengatik; Laja, Epelde, Xabi Solano, Elustondo anai-arrebak eta Kepa Junkera. Bakoitza berean erreferenteak dudarik gabe.

Ohitura den legez kalejira batekin amaitu da saoia

Norbere hastapeneko pausuak kontatu dizkigute, nola jotzen hasi ziren edota nondik datorkien zaletasuna. Lajak esaterako Elgetarekin nola ikasi zuen kontatu du, eta Epeldek aldiz, nola bere aitak ez zion deusik irakatsi. Soinuaz ez ezik panderoaz ere aritu dira, Ion Elustondoren esperientziarekin, neurri baten panderojoleak bete behar duen lana azalduz. Momenturik onenak dudarik gabe anekdoten tartean heldu dira, jendea behin baino gehiagotan barrez jarri dutelarik. Polemikarako gaiak ere azaleratu dira, 88ko txapelketan gertatukoa besteak beste, beti ere giro ezinhobe batean.

Solasaldiko momentu bat Kepa hizketan

Solasaldia musikatua izan da, hitz eta kantuak tartekatu dituztelako. Lajak beste batzuen artean musikari karneta lortzeko jo behar izan zuen pieza jo du, denak txundituta utziz. Xabi Solanok adibidez aurreko belaunaldi horren omenez kaleratutako Esne Zopak diskoko Baltxekua jo du eta Elustondotarrak kaleratzear duten disko berriko abestietako bat primizian. Kepak azken proiektuko fandango batzuk bota ditu eta Epelde tirolesa batekin ausartu da. Denetarik entzuteko abagunea izan dugu; fandangoak, arin-arinak, pasodobleak, tangoak, baltsak,...




Emanaldiari amaiera emateko bizpahiru pieza jo dituzte denak batera Eneritz Aulestia panderojole eta sorginaren laguntzaz. Publikoak txaloka eskertu du saio bikain hau. Izan ere askoren memorian gordeta geratuko den arratsaldea izan da gaurkoa. Askok gaur ezagutu dituzte gure trikitilari handi hauek eta harrituta irten dira aretotik; aurretiaz ezagutzen genituenoi ere aparteko irakaspena eman digute. Bihoakie gure miresmen osoa trikitilari uniko hauei, BIBA ZUEK eta AUPA TRIKITIXA!




Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *