diskoa

200.000 ESKER

Urte batzuk dira webgune hau martxan jarri nuenetik eta dudarik gabe azkenak izan dira berezienak. Izan ere, guztiz kontziente izan gabe, edukiak biltzetik edukiak sortzera pasatu naiz. 

Lehen ikasleentzako informazioa argitaratu eta sarean agertzen ziren albisteak bildu egiten nituen batik bat, nahiz eta batzutan diskoren baten kritika edo gai zehatz baten artikulua idatzi. Gaur egun ere horretan dihardut, baina horretaz gain berriak sortzen ditut hitz eta batez ere irudiz. Sasi-kazetari lana maite dudala agerian dago eta saiatzen naiz ahalik eta objektiboen aritzen, batzutan zaila egiten den arren. Informazio eta iritzi guztiak ezin dira elkarbanatu eta horren galbahea egitea da agian beharrik latzena, nahiz eta gutxitan egin diot hozka mingainari. Hala ere xedea betidanik izan da batzea eta ez kentzea, gertakari eta kritika baikorrak plazaratzea eta negatiboak alde batera uztea. Horrela izango da aurrerantzean ere. 

Atzera begirako honetan badira nire esker ona merezi duten pertsonak. Batetik, irakasle izateaz gain nigan trikiti zaletasuna piztu zutenak; Koldo Gaztañaga, Iker Allur eta Harkaitz Allur. Azken hau bereziki, euskarri lanak egin dituelako sarritan maila profesional eta pertsonalean. Bestetik, azken boladan ezagutu ditudan soinujole paregabeak, denbora gutxian jasotako lekzioak asko izan direlako eta; Laja, Landakanda, Elustondotarrak, Leturia, Imanol, Epelde, Iturbide, Motriku, Martin,... Ezin ahaztu momentu ezberdinetan animatu eta lagundu didatenei; Xabi Aburruzaga, Iñaki Plaza, Asier Olazar, Julen Alonso, Asier Ercilla, Edurtzeta Ania, Juanjo Manterola, Esne Beltzako lagunak, Kherautarrak, Ibon Koteron, neure ikasleak, lagunak eta familia,... Azkenik, eta ez horregatik garrantzirik gabekoak, azkeneko urtetan haien etxe eta proiektuetako ateak parez pare zabaldu didaten bi musikari eta pertson handiei, Xabi Solano eta Kepa Junkerari. Haien bitartez esperientzia berriak bizitzen ari naiz egunez egun, etengabe ikasten eta sakontzen. Nigan jarritako konfiantza berebiziko garrantzia izan du besteak beste webgune honek eskatzen duen lana eta inbertsioa gustura egiteko. Bihoakizue denoi besarkada bana.

Amaitu baino lehen etorkizuneko erronketaz hitz egin nahiko nuke. Bada aspalditik buruan bueltaka dudan gogo bat eta laster gauzatuko dena. Hilabetean behin, behintzat, bideo bat aurkeztuko da webgunean. Protagonista eta edukietan askatasun osoa izateko ez da estilo bakanekoa izango; batzutan elkarrizketa, besteetan zuzeneko pieza bat, biak uztartuta akaso,... Lehenengoak hitz eginda daude eta datozen asteetan hasiko dira grabaketak, uda aldera plazaratzen hasteko. Trikitixaren munduan eduki berriak sortzeko asmo horretan bide galanta dugu aurretik eta bertatik ere geure ekarpentxoa egingo dugu.

Bukatzeko zuoi, irakurleoi, nire esker onik sakonena. Zuen jarraipen eta babesa dira webgune honen benetako hauspoa. 1300 baino gehiago gara Facebook-en eta ia 600 Twitter-en, marka izugarria euskaraz gai zehatz bat jorratzen duen komunitatea garela kontutan izanik. Jarrai dezagun topagunea handitzen, elkarrekin trikitixa sarean zabaltzen. 200.000 ESKER! AUPA TRIKITIXA!


Gaizka Peñafiel

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *