diskoa

JOSU BERGARA, Kanta Txikien Indarra

Orain dela ia hamar urte Josu Bergarak "Karramarroen Hiria" diskoa kaleratu zuen eta orduan heldu zen gure belarrietara besteak beste Zuretzat kantuarekin. Gogoan dut disko xumea zela baina oso pertsonala, edozein kantautoren lehen diskoen antzerakoa. Zaila zen albuma eskuratzea baina berehala hedatzen hasi zen orduan gazteak ginenen artean; irrati bidez, orduko messengerretik,... nik ere hala izan nuen Josuren berri. Ez nuen imajinatu orduan momenturen batean gure bideak gurutzatuko zirenik, are gutxiago horrelako proiektu eder batean.

Hastapeneko lan horren ondoren iritsiko ziren "Nora Zoaz" eta "Katiuska Gorriak" diskoak, eta haiekin batera edozein emozionatzeko kapaz ziren kantuak: Lapatzatik, Galdu gara, Azken galdera, Nora zoaz, Bikini beltza, Aitxitxen bufandie (trikitia barne), Una paraula,... Hasierako freskotasun eta zintzotasun hura galdu gabe, baina geroz eta helduago bai musikalki baita pertsonalki ere. Koherenteak diren musikarien bideari jarraiki, pauso txikiz aurrera baina inoiz gelditu gabe, moden gainetik senak eskatzen ziona egiten. 

Kafe Antzokian zuzenean (Arg: Asier Olazar)
Guzti honengatik udaberrian bere proiektu berrian trikitiaz kolaboratzeko mezua jaso nuenean ez nuen zalantzarik izan; nola ezetza eman horrelako ibilbidea duen artista jator bati. Gainera letraren nondik norakoak azaldu zizkidan; Bego Jatabek bere aititeren omenez idatzitako letra eder bat, trikitiaren soinuei erreferentzia egiten ziona... neuretzako nahiko nukeen kanta horietakoa. Hortik aste batzuetara ensaioan beste musikariekin topo egitean konturatu nintzen zuzeneko disko hau ikusgarria izango zela, gerora hala izan den moduan. Anbizio handikoa baina harrokeririk gabekoa.

Ekainaren 18an grabatu zen zuzenean Bilboko Kafe Antzokian eta sortu zen magia guztia diskoan islatzea lortu dute, lorpen galanta zinez. Kolaboratzaile asko izan ginen baina benetako meritua banda eta Josurena, zuzenean hamar kantu berri grabatzea erronka itzela delako. Aurretik aitatutako lau kanta mitiko ere jo zituzten bukaeran kontzertu bereziari amaiera ezinhobea emanaz. 

Laster sareetan entzungai izango da baina erostera gonbidatzen dizuet, CDaz gain diseinu eta liburuxka eder bat eramango duzuelako. Baina batez ere horrelako artista eta proiektuek gure esfortsu txiki hori merezi dutelako. Josuk demostratu bezala txikitasunetik amets handiak egia bihurtu daitezkelako. 

Kafe Antzokian zuzenean (Arg: Asier Olazar)

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *