Berrikuntzekin
datorkigu udagoienean KHERAU boskote bizkaitarra: Ia 7 urteko ibilbide ostean,
Alex Garcia trikitilariak utziko du taldea bere aitatasun berriaz arduratzeko,
eta Berrizko Eneritz Gorritxategik beteko du galdakaoztarrak lagatako hutsunea.
Eskarmentu handia Eneritzek dakarrena, besteak beste, hamarkada luze batez
jardun izan baitu plazarik plaza ENE BADA taldearekin eta KHERAUren aspaldiko
kolaboratzailea baita. Izan ere, hainbat pieza grabatu zituen boskotearen lehen
diskorako (MUNDUAN ORTOZIK -2010-) eta horrezaz gainera, jo izan du zuzenean
taldearekin zenbaitetan.
Beheko bideoan eskualdatzearen momentua ikus dezakezue
KHERAUren erara, kantuz alegia. Gauzak ondo bidean, urriaren 23an egingo du
Eneritzek debut ofiziala Larrabetzuko HORI BAIen arratsaldeko 18:30ean.