diskoa

ELKARRIZKETA: Mirari eta Aintzane

Mirari eta Aintzanek diskoa kaleratu dute berriki "Bidea hauspotzen" izenburupean eta horren inguruan gehiago jakiteko asmotan zuzenean haiengana jo eta elkarrizketatu ditugu. Gainera diskoaren aurrerapen abestia primizian duzue bertan entzungai:

 

1.     "Bidea hauspotzen" da diskoaren izenburua, baina noiz hasi zen zuen bidea?

A: Aspaldidanik ezagutzen ginen egun pasetan, erromerietan, bazkariren batzuetan, horrelakoetan behin baino gehiagotan lagunartean egonda geunden eta. Ni neu aurretik Sorkunde Ezenarrorekin ibili nintzen soinua jotzen, gero Ander anaiarekin ere bai... Baina gero kasualitateak eta bestelako kontuak tarteko, bada, hemen gaude Mirari eta biok elkarrekin gaur egun.

M: Urte batzuk badira jada elkarrekin gabiltzala, bai, baina noiztik? Esandakoa, zehatz esaten guk geuk ere ez dakigu. Zifra bat botatzearren, 8-9 bat urte bai, behintzat. Nik Zaloa Zenarrutzabeitiarekin jotzen nuen txiki-txikitatik baina gero kartzelara eraman zuten eta banatu egin behar izan genuen. Orduan Aitziber Otegirekin ibili nintzen jaialdietan eta erromerietan eta Miren Urkiolarekin ere bai txapelketetan, baina azkenean gaur egun, hementxe gara Aintzane eta biok batera.

2.     Erritmo desberdinak, dantzagarriak,... erromerirako gonbite zabala da diskoa, ezta?

A: Bai, halaxe da. Erromeriarako eta dantzarako batez ere. Oso kantu zaleak gara, asko gustatzen zaigu kantatzea bioi eta horregatik nire ustez diskoak ondo islatzen du gure estiloa zein den. Batez ere, kanturako eta dantza loturako kantek hartu dutelako lekua. Eta gure erromeria ere horrelakoa da.

M: Dantza sueltoa ere gustuko dugu eta diskoan dena ez da kantua, noski, baina kantua eta heldurako piezak dira gure ezaugarri nagusiak. Kantua maite dugu, eta hori igarri egiten da diskoan. Dantza sueltoko erritmoak ez dira sekula izan ni trikitilari bezala karakterizatzen nautenak, nahiz eta asko gustatzen zaizkidan, beti jotzen dudalako kantuko piezetara. Pieza berriak sortzen hasi ginenean adibidez, kantuko piezak izan ziren atera genituen lehenengoak. Gero, noski, diskoa osoa izan zedin animatu nintzen trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arin bana ere egiten, eta azkenean oso gustura gelditu naiz horiekin ere, egia esan.

3.     Silvio Rodriguezen bertsio bat da seguruena abestirik hunkigarriena, sentimenduek ere badute lekua diskoan.

M: Bai, hala da. Kasurik gehienetan Aintzane arduratu da kantuen letrez eta ez da batere erraza zein gai jorratu asmatzea. Baina kantu hori bereziki da hunkigarria eta berezia niretzat, kontatzen den historia hori oso hurbiletik bizi izan genuelako familian. 5 urteko mutiko maitagarri bat, Ibai, galdu genuen iaz eta argi ikusi nuen diskoan berari kantatu nahi niola. Berari omenaldi txiki bat egitea zen helburua, eta nahiz eta oso gogorra izan, benetan merezi izan du. Niretzat oso berezia izan da. Gainera, normalean egiten ez dudan arren, letrak ere hein batean nireak dira (Aintzaneren laguntzarekin noski) eta kantu horren sorkuntzak bete nau gehien denetatik.

A: Oso gogorra da horrelako gertakari baten inguruan kantatzea, baina aldi berean omenaldi xume eta polit bat egiteko era ere bada. Eta oso polita gelditu da eta pozik gaude. Horretaz aparte, letrak egiterako orduan beti da zaila, akordatzen zaizkizun gai ia denak ukituta egoten baitira. Dena dago esanda. Bion artean erabakitzen genuen zeri kantatu, eginda zegoen musikaren arabera gai bat edo beste aukeratzen genuen. Rantxera bietan istorio biografikoak daude adibidez, maitasun istorioak; bizitzari kantatutako abesti bat, kalejiran berriz diskoa entzuteko edo gure erromeriara hurbiltzeko gonbita egiten dugu, ni ama naizenez ama izatean bizi dituzun sentimenduei ere lekua egin diegu, gaurkotasun gairen bat ere bai, errefuxiatuen egoera ukitu dugulako... Denetik dago pixka bat.

4.     Diskoko musika eta letra gehienak zuek egin dituzue, nolakoa izan da konposizioaren prozesua?

A: Dena kasualitate bat izan da egia esan. Bizkaiko Trikitixa Elkarteak maketa lehiaketa bat antolatu zuen iaz, eta parte hartzea erabaki genuen erdi bromatan. Mirari sekula pieza berri bat konposatzen jarri gabe zegoen, ez zen ezta kapaza ere ikusten; eta erdi brometan esan zidan baldintzak betetzen genituela eta ea parte hartuko genuen. Eta nik serio hartu eta animatu egin nuen. Eta begira, 3 kantu behar ziren maketa lehiaketarako eta hasi eta 5-6 berri egin zituen! Lehenengotan 3 kantu ateratzea ezinezkoa izango zelakoan, eta azkenean 6! Eta parte hartzea erabaki genuen hala.

M: Egia esan erdi brometan egindako komentario batetik azkenean serio hartu nuen kontua, eta probatu, kapaza nintzela ikusi eta azkenean begira nola bukatu dugun! Amets bat betetzen ari zen niretzat, ez nuelako sekula ahaleginik ere egin, pentsatzen ez nintzela kapaza izango. Sorpresa izan zen niretzat eta gainera asko gustatu zitzaidan kontua nahiz eta batere erraza ez izan. Beraz, animatu eta maketa lehiaketan parte hartzea erabaki genuen serio. Hitzez Aintzane arduratuko zen beti bezala, eta nik berriz, piezak sortuko nituen, nahiz eta gero batak besteari aholkuak eman eta asko lagundu genion elkarri.

5.     Konposatzen hasi, eta azkenean estudio batera sartzeko pausua eman zenuten...

M: 2013an, kasualitatez musikari bat eta bere lagun bat ezagutu genituen Eibarren (Trio Medianocheko Bernardo eta Roberto) triki-poteo batean eta eurekin batera sortuta zuten Gabonetako Kunbia pieza grabatzeko proposamena egin ziguten. Eta hala, LegarRec estudioan sartu ginen eurekin batera, nire kasuan gainera, lehendabizikoz. Bada, 2015ean maketa lehiaketarako piezak grabatzerako orduan, estudioa ezagutzen genuenez, kalitate ona bermatzeko bertara sartzea erabaki genuen lehiaketarako behar ziren 3 piezak grabatzera. Grabatu genituen lehiaketarako hirurak, baina beste hirurak ez grabatzeak ere pena eman zigunez, 6rak grabatu genituen lehenengo guretzat gordetzeko asmoarekin.

A: Kontua horrela gelditu zen udan, baina arra piztuta genuen ordurako eta Arrateko jaietan, kafe baten bueltan eta orduan ere erdi bromatan disko bat ea zergatik ez genuen ateratzen komentatu genuen, lan erdiak eginda genituela eta… Eta azkenean, bromak broma, pieza gehiago ateratzen hasi eta hala berriz bueltatu ginen estudiora. Hori bai, dena espontaneoa izan zen, grabaketak egin ahala, erritmoari dagokionean disko osoa izan zedin falta ziren erritmo motako piezak ateratzen joan baikinen.

M: Pixkat prozesu arraroa izan zen, ez genituelako lehendabizi kantu denak prestatu eta gero estudiora sartu normalean egiten den bezala; piezak sortu ahala joan ginen grabatzen, eta disko oso bat egiteko falta zenaren arabera, konposatzen segi aldi berean. Arraroa izan zen, baina musikalki sekula bizitako esperientziarik onenak bizi izan ditugu, dudarik gabe.

6.     Diskoaren diseinu eta argazkiak ere neurri batean zuon gain hartu dituzue, nolatan?

M: Neurri batean ez, azkenean den-dena gure artean egin dugu (jajaja). Egia da oso prozesu gogorra dela, batez ere, mundu hori oso ondo kontrolatzen ez duzunean. Baina merezi izan du zama hori ere guk hartzeak, benetan. Nik zerbait kontrolatzen nuen kontua, eta kapaza ikusten nintzen diseinuko gauza batzuk egiteko; adibidez, cd-aren barruko libretoa, letrak daramatzana ez nuen batere zaila ikusten egiteko. Cd-aren azala egitea beste kontu bat da, baina horretarako bagenuen esku oso ona luzatuko zigun pertsona, Aintzaneren ahizpa, eta beraren laguntza izango genuela genekienez, zertarako joan kanpoko enpresa batengana laguntza eske?

A: Azkenean nire anaia, Ander, argazkilari lanetan jarri genuen, Mireia ahizpa azaleko diseinuaz arduratu eta gainontzekoa denon artean pentsatuz, polita gelditu da. Eta prozesuan asko ikasi dugu egia esan. Esan behar da hasieran azalerako pentsatuta geneukan ideia oso desberdina zela gelditu denarekin konparatuta, baina argazkiak ateratzera joan ginenean, gustatu egin zitzaigun ikusten genuena, eta gehiago konplikatu gabe, geure artean gauzak adostuz egin dugu dena. Eta egia esan, oso polita izan da hori ere; batez ere Mirarik bizi izan du gehiago diseinu kontua baina oso pozik gaude, dena guk nahi izan dugun moduan geratu delako azkenean.

7.     Bigarren edizioa egin behar izan duzue, hori harrera eta arrakasta!

A: Bigarrena ez, hirugarrena! Eta hau ere ia osorik dugu salduta. Egia esan oso harriturik gaude gure diskoak izan duen harreragatik eta ezer baino lehen, erosi diguten guztiei bihotzez eskerrak eman beharrean gaude. 230 bat kopia atera genituen lehendabizi eta ziztu bizian saldu genituen, aste terdian denak saldu genituen. Bigarrena ere atera genuen, eta hau ere segituan saldu zen, hilabete pasatxoan edo, eta azkenean hirugarrena ere atera genuen. 600 kopiatik gora ditugu salduta, eta benetan aho zabalik gaude, ez genuen horrelakorik espero.

M: Harrera benetan ikaragarria izan da, lehenengo edizioko kaxak hartu genituenean ni neu beldurtu egin nintzen asko zirela irudituta. Eta begira! Egia esan asko saldu da Errezilen, Azkoitin, buelta horretan. Eta guk geuk ere asko saldu ditugu gure ingurukoen artean. Bizkai aldean ere azkenerako dexente saldu da, nahiz eta nire iritziz trikixia ez den modu berean bizi hemen. Azkenean era batera edo bestera asko zabaldu da eta guretzat pentsaezina zen 600 kopia saltzea. Baina lortu dugu. Hasieran erdi galduta ibili ginen zenbat kopia atera, nola egin zabalpena, non jarri saltzen… Baina itxuraz asmatu dugu eta erosi duten guztiei bihotzez eskerrak ematen dizkiegu.

8.     Ingurukoei zer iruditu zaie diskoa?

M: Asko gustatu zaie egia esan, zer esango dute ba! (Jajaja). Guri besteko ilusioa egin die gure inguruko guztiei ere, lagun eta familiakoei… Asko animatu gaituzte eta salmentan ere izugarri lagundu digute guztiek.

A: Nire etxekoek (amak, anaiak eta ahizpak) zuzenean parte hartu dute diskoaren grabaketan eta diseinuan, eta niretzat oso berezia izan da. Denok geratu gara oso pozik emaitzarekin.

9.     Laguntzailerik ere izan duzue.

M: Noski baietz. Beraien laguntzarik gabe ez zen posible izango gainera amets hau egia bihurtzea. Hasiera batean gauza sinple bat egitekotan ginen, baina azkenean proiektu handi bat bilakatu zen eta hori aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan dugu lagunen laguntza. Beraz, bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu Eugenio Gisasola “Lutxurdio”-ri, Walter Tuzzeori, Bernardo Aguilerari, Eli Andrinuari, Lorena Elizbururi,…

A: Eta nire ama Eugeniri, anai Anderri eta ahizpa Mireiari. Lehen esan dugun bezala, ezingo genuen diskoa aurrera atera beraiengatik izan ez balitz. Bihotzez eskerrak beraiei!  

10.  Bazabiltzate zuzenean aurkezten lana?

A: Bai, batez ere udan ibili gara. Egin ditugu erromeria batzuk eta ikusi dugu diskoa erosi duen jendeak gustuko izan duela, ze askok letrak ere bazekizkiten. Sentsazio bikaina izan da.

M: Ez dira saio asko izan, baina gu oso pozik gaude. Gutxi gora behera urtero bezala ibili gara eta hor mantentzen bagara gu pozik. Azkena Durangoko Kafe Antzokiko kantaldi batean hartu dugu parte eta hurrengo berriz, igande honetan, (azaroak 27) Aristerrazun izango gara arratsaldeko 18:30etatik 21:30ak arte, Lutxurdiorekin batera erromerian giroa alaitzen.

11.  Zelan eskuratu daiteke diskoa?

M: Sare sozialen bidez edo telefonoz guri eskatzea da modu bat eta bestela hainbat lekutan dauzkagu jarrita: Errezilgo Letea jatetxean, Azkoitiko Ixidro erretegian, Eibarko Sagarbitza tabernan, Arrate Irratian edo Arrateko Kantabria jatetxean, Etxebarriko Olaia jatetxean, Barinagako Kontzeju Zaharra tabernan, Markina-Xemeingo Tate Gozotegian edota Berritxuko Urepel tabernan.

A: Eta aukera horiez gain, aurten Durangoko Azokan ere izango da aukera gure diskoa eskuratzeko. Juan Karlos Irizarren stand-ean izango dira gure diskoak salgai 10 euroren truke. Eta bestela esandakoa, guri eskatu edo aipatutako lekuetara joan.


Diskoaren azala

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *