diskoa

HUNTZA, Ertzetatik

Azken fenomenoa dugu Huntza, hedapen eta batez ere ikustaldi sineztezinak lortu dituztelako denbora gutxian "Aldapan gora" kantarekin. Abesti horrekin argitaratu dituzten bideo biak jaso dituzten ikustaldiak gehituta 300.000tik gora dira aldapan gora abiatu diren entzuleak, beldurtzeko moduko zifrak eta arrakasta ukaezin baten adierazgarri direnak.

Orain diskoa dakarte besapean 12 kantuz osatuta, azken single arraskatatsua barnean duelarik. Diskoaren izenburua Ertzetatik da eta atzo aurkeztu zuten Bilbon, gipuzkoarrak izan arren Bilboko unibertsitate giroan elkartu den taldea delako. Oraindik diskoa esku artean izan ez arren, singlearen ildokoa dela baieztatu dute eta badakigu hainbat gaien inguruan arituko direla bertan, herri unibertsitate edo gaztetxeetaz esaterako. Diseinua ere erakargarria da zinez, proiektua ondo borobiltzeko beharrezkoa.


Martxoan kaleratu zuten alabaina haien lehen kanta, "Harro gaude" izenaz emakumearen aldeko aldarri garbi batekin. Orduan atzeman genuen talde honek potentziala bazuela eta beti eskertzen den lehen bultzadatxoa ematen saiatu ginen webgune honen bitartez ere. Horregatik askori ez gaitu bereziki harritu azken astetakoa, hasierako traza horiek aurreikusten zutelako neurri batean etortzear zena. Hala ere nik uste inork ez zuela espero horrenbesteko eztandarik, talde handienen markak ere gainditu dituztelako.

Bete-betean eman dute musika, hitz, estilo, mezu eta abarrekin eta gazteria benetan astindu dute. Horretaz jabetzeko galde iezaiozue trikitixa ikasten ari den gazteari zein kanta eskatu dion irakasleari azken boladan... bai, gurean ere Josune Arakistain trikitilariak jotzen duen Aldapan Gora izan da azken asteetan bogan egon dena. Eta pozgarria da batez ere gazteak (eta irrati garrantzitsuak) euskal kanta batekin zoratuta ikustea, lorpen izugarria bilakatu delako hori gaur egun.

Itxuran ere asmatu dute, ziurrenik apropos hori bilatu gabe. Baina freskotasuna eta gazteek duten energia hori transmititzen dute, inoiz baino ageriago bideoklipan. Bertan duzue ikusgai:


Durangoko Azokan izango dugu aukera diskoa eskuratzeko Maukaren standean. Izan ere ertzetatik baino erdi-erditik sartu dira euskal musikagintzan eta seguru datozen hilabeteetan ere zer esana emango dutela.

Taldeko trikitilari eta abeslaria den Josune elkarrizketatuko dugu laster, adi ibili beraz

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *