diskoa

XABI SOLANO, Ereñotzu & Trikitixa Liburua II

Hilabeteak eman ditut proiektu honen nondik norakoak sekretuan gordetzen garaia zenean behar bezala azaltzeko. Diskoa eta liburua dendetara heldu direnez sasoia da honi ekiteko eta oraingoan lehenengo pertsonan, zentzugabekoa litzatekelako beste era batean egitea. Hamaika medioek zabalduko dituzte "Ereñotzu"-ren detaile guztiak eta horregatik barrukaldeko esperientzia kontatuko dizuet nik.


Abuztuaren erdialdean, Esne Beltzak Lurgorrin kontzertua eman zuen egunean zehazki, batzartu ginen Solano eta biok hango taberna batean. Orduan proposatu zidan bere bakarkako proiektuan sartzea eta diseinu eta antzekoetaz arduratzea. Gutxitan izan dut horrelako ardura neure gain, tamaina honetakoa ziurrenik inoiz ere ez. Baina horrelako aukerak bizitzan behin baino ez dira suertatzen eta ezin nuen ezetzik esan. Imajinatuko duzue zer sentitzen den miresten duzun pertsona baten lanik pertsonalean parte hartzeko gonbitea jasotzean... bai, bertigo itzela eta aldi berean salto egiteko gogo eutsiezina.

Ordurako Xabik bazuen garbi egingo zuena eta proiektuak izango zuen dimentsioa. Egun horretan entzun nituen ordenagailuan grabatuta zituen lehen kantak; izugarria zen zetorrena. Hastapenetan alabaina asmoa sinpleagoa izango zela pentsatu nuen, orduan ez nintzelako ohartu ereñotzuarrarekin ez dagoela sinplekeriarik. Gehienontzako pentsaezina dena posible egiten duen pertsona halakoa izan behar duelako; sortzailea, inkonformista, enpatikoa, ausarta,... eta horren aitzinean, pertsona ona. Ezagutzen dugunok badakigu Xabi Solanok betetzen dituela haraindiko sortzaile baten ezaugarri positiboenak, eta ez da hau adorazio ariketa bat... azken hiruzpalau urteetan batean zein bestean konprobatu dudan zerbait da. Ez pentsa erreza denik hori berori esatea sortzaile eta artista garrantzitsuetaz, baina Xabiren kasuan egia borobila da, arrasto ona uzten du pertsonengan eta hori nabaria da.

Proiektuan erabili diren argazkietako batzuk

Egunak aurrera eta udako oporraldien amaieran hasi ziren estudioko lan mamitsuak Ereñotzuko Aieka estudioan; edozein bide atsegin egiten duen Peio Gorrotxategirekin nola ez. Pare bat aldiz joan nintzen kanten progresioa entzutera eta bide batez libururako argazki batzuk egitera. Plazera da beti txoko eder horretara joatea, azken urteetan hamaika aldiz egin bezala. Han nagoen bitartean ulertzen dut Xabi eta bertakoentzako zein berezia den, neuretzako ere geroz eta kuttunago bilakatzen ari den leku hori. Azken bisitan erakutsi zizkidan Xabik bere leku berezietako batzuk, txikitako anekdotak tartean... neurri handi batean hitz eta irudietan islatu direlarik. 

Udazkenarekin batera hasi zen argazki galbahea, partituren joan-etorria, letren emaria,... boladatxo batez entretenituta ibili ginen zeharo. Ez zen bide leuna izan, baina maldarik gabe, emoziorik ez. Azken asteetan gainera aparteko talde indarra atzeman nuen... denok batera norabide berean arraunean ariko bagina bezala dena primeran gera zedin. Udanek portadarekin eta marrazkiekin egindako lan bikaina, Txuriak mimoz idatzitako hitz eta bertso ahantziezinak, Pello eta Paxkal Etxeparek kantekin egindako lan sublimea, musikari guztien ekarpen ederrak, Mikel Gaztañagak partiturekin egindako lan fina, Elkarrekoen argibide, laguntza eta gidaritza ordainezina,... eta nire partetik behintzat bereziki eskertu behar dudan Kristiñe Solanoren lan eta laguntza amaigabea; kriston lana aurrera ateratzeaz gain euskarri behar-beharrezkoa izan zelako niretzat azken txanpan. Eta hori guztia koordinatzen, jendea animatzen, ordu txikiak arte jo ta su lanean,... Xabi bera eredu ematen. Lanordu guztiak, gaupasak, izerdiak, nerbioak,.. merezi izan dute, bai horixe... eta asebetetze eta poztasun izugarria ekarri dute bueltan. Lantalde honen parte izatea esperientzia pentsaezina izan da niretzako, mugarri garrantzitsu bat neure bizitzan dudarik gabe.

 
Xabi Solano eta Kepa Junkera Mairuelegerrota lantzen grabatu aurretik

Zer aurkituko dugu bada disko zein liburuan? Era bakarra dago Xabi Solanoren proiektu hau ulertzeko; diskoa edo liburua eskutan hartu, CDa irakurgailuan sartu, "Play"-ri eman... sentitu eta gozatu, besterik ez da behar. Lan ezin pertsonalagoa da, erraietatik irtendakoa, intimoa, landua,... edozein artistak munduratu nahiko luken horietakoa. Guztira hamalau kanta; biribilketa, fandango, arin-arin, trikitixa, porrusalda, bals eta apartekoak ere bai. Denak Xabirekin lotura zuzena dutenak eta zinez disfrutatuko dituzuenak. Horretaz gain Xabiren testu hunkigarri bat, argazkiak, partiturak liburuan (normalak eta zenbakizkoak), kanten letrak,... dena goitik behera detailera zainduta bi formatu berezietan. Salgai dago honezkero Elkar dendetan eta Durangoko Azokan ere Xabi bertan izango da astelehena izan ezik liburu eta diskoak sinatzen.

Solanok bere mundu polit txiki hori elkarbanatu du gurekin sortu duen artelan honekin eta ezagutzen dugunoi harrotasunez bete gaitu, ez harrokeriz. Ereñotzuarrek ere badute motiborik haien artean hazitako lore bitxi honetaz harro sentitzeko eta azken hau suposizio hutsa bada ere, uste dut bere gurasoak eta inguru hurbilekoak sakonean hunkitu egin dituela lan honekin. Niri behintzat ez zait omenaldi ederragorik okurritzen, Xabik sarrera testuan esan bezala, zoriontsu egin eta egiten gaituztenak eskertzeko.

Diskoaren aurrerapen kanta

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *