diskoa

AZOKAko GOGOETA

Azoka amaitu berri da, etxera heldu eta eskuratu dudan azken diskoa jarri dut. Nik baino musikaz gehiago dakitenen gomendioei jarraiki besteak beste Mikel Azpirozen “Zuri” lan berria erosi dut, igandean Peiok musikari honen talentuaz hitz egin ondoren gerturatu naiz bere standera azken txanpan. Fermin Muguruzaren azken biran ikusi nuen lehen aldiz eta ohartu ere zein musikari bikain eta ezezagunak ditugun inguru hurbilean. Berarekin trukatutako lau hitzek balio izan dute pianojole paregabearen atzean tipo jator bat ere badagoela jakiteko. Diskoa jarri eta lehen kantua, “Gaur Hemen”… patuaren keinua. “Horizontera” pasa eta orduan begiztatu dut nire gelako hormatik harago ortzimuga. Maiorretik menorrera eta notak jolasean… hamaika emozio azaleratu dizkit piano soilak, agerian utziz Durangoko Azokaren handitasunetako bat; auzoan ditugu artistarik onenak, euskaldunak eta apasionatuak, hitz eta melodien artisauak.
Horrelako kasu gehiago ikusi ditut Esne Beltza taldeko lagunen standean nengoelarik. Ezkerrean esaterako Xabi Aburruzaga trikitilari eta musikaria bere “KeltiK” disko berriarekin. Ikustekoa zen nola azaltzen zien diskoa gerturatzen zirenei; pasioz eta uste osoz, egindako lan onak uzten duen poztasun horrekin. Ezkerrerago, heldu berri diren Huntzako gazteak, izan duten hedapen izugarria oraindik guztiz barneratu gabe… eta gerturatu zaizkien ume eta gazte horien irribarre eta ilusio aurpegiak jasoz. Eskuman Xabi Solano zale guztiei tartea eskainiz, sinatzen zein argazkiak ateratzen, besarkada eta mosuak banatzen,… zer da ba musika emozioa ez bada. Ikusgarria ilaran zeudenen urduritasuna nola baretzen zen Xabiren lehen hitz eta keinuekin… arreta pixka bat jarriz magia hutsa iruditzen zait hau guztia.
Alabaina orain zifra-dantzak hasiko dira medioetan; nork saldu duen gehiago, nork agortu dituen kutxa guztiak, nork diru gehiago irabazi,… nork daukan handiagoa alegia. Baina bada oinarrizko diferentziarik 5 ale edo 500 saldu dituenaren artean? Lan gehiago egin du 1000 kopia saldu dituenak besteak baino? Artista hobeagoa da 2000 saldu dituena? Adierazpen artistikoek ez dute zifretaz ulertzen, ezin da ona/txarra hain errez kuantifikatu nahiz eta asko horretan tematzen diren, batzutan gezurretara joz zuzenean. Zorionez arrakasta bere osotasunean ulertua ez da hain matematikoa.
Durangoko Azoka nik beste era batera ulertzen dut eta badakit egunotan izandako solasaldiengatik gehienak bat datozela; norberak bere lana aurkezteko plaza, artistak ezagutzeko eta adiskidetasun berriak eraikitzeko topagunea, euskal kulturari ekarpentxoa egiteko bidea, zaleak maite duen artista horrekin egoteko momentua, euskaldun sentitzeko abagunea,… eta ez salmenta lehiaketa bat, zeinetan hori erabiltzen den lana baloratzeko irizpide bakartzat. Dirua irabaztea garrantzitsua da artistak aurrera egin dezan, baina ez luke xedea izan beharko eta jakin badakigu gutxi batzuentzat hori baino ez dela, gaur boltsikoan izango duten bilete kopurua. Ez dira musikazaleak, ez literaturzaleak, ez euskaltzaleak,… agian enpresariak, besterik ez. Kultur-trafikante hauek soberan daude, kutsatu baino ez dituztelako egiten horrelako ekimen ederrak. Berandu xamar bada ere txotxongiloen garaia desagertzear da nahiz eta orandik batzuk ez diren horretaz jabetu. Zorionez nik ez dut aspalditik horrelakoekin harremanik eta geroz eta sortzaile askeagoak ikusten ditut neure inguruan. Haiekin batera Azokako egun hauek zoragarriak dira… eman eta jaso lagunartean.

Irudia: www.di-da.eus

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *