diskoa

KEPA JUNKERA & SORGINAK - Maletak Bira

Korrika heltzear da eta antolatu duten Korrika Kulturalaren barruan Kepa Junkerak eta Sorginek hainbat kontzertu eskainiko dituzte gure lurretan barrena hurrengo asteotan. Izan ere MALETAK izeneko bira otsailaren 9an hasi zen Gasteizen eta aurreko igandean trikitilariaren jaioterrian egin zuen geldialdia, Bilboko Arriaga Antzokian hain zuzen.

Emanaldiaren hasiera
Teloia igotzean maleta bat argiztatuta ikusten zen... atzekaldean trikitiak, panderoak, txalapartak. Orduan agertu zen Kepa; maleta zabaldu, trikitia altzoan jarri eta lehendabiziko notak igorri zituen publikora. Sarrerak aurrera egin ahala agertzen hasi ziren zortzi sorginak norbere lekua hartuz. Bi orduko ikuskizunaren hastapena ederra izan zen, soila bezain erakargarria. Zintzilikatuta zeuden argiak maletek ordezkatu zituzten bete-beteta zegoen antzoki historikoan.


Soinu bikaina, ñabardura guztiak atzemateko aproposa; argiztapen gozagarria, magikoa; eszenografia ere asko zainduta. Publikoa poltsikoan zuten Kepak eta Sorginek honezkero... baina ez ziren horrekin konformatu. Aitzol Atutxa aizkolaria agertu zen bapatean eta erreza izango balitz bezala erdibitu zuen enborra Kepak markatutako tenpoari jarraiki. Ondoren Karmele Gisasola harritzarra altxatzera abiatu zen, aitaren laguntzaz indar paregabea erakutsiz. Aizkolaria eta harrijasotzailea batera trontzan ere aritu ziren hauspoaren erritmoa jarraituz.

Aitzol Atutxa eta Karmele Gisasola
Sorginak musikari apartak izateaz gain dantzari trebeak ere badira eta hainbat momentutan taula astindu zuten salto eta bueltekin. Horretan Olaeta baleteko dantzariak lagun izan zituzten, jantzi ederrez are magikoa bihurtuz emanaldia.

Sorginak & Olaeta baleta

Hala ere magiaz ari garela... Iturengo hartzak eta joaldunek aparteko iskanbila sortu zuten, publikoa piztuz eta aretoa hankaz gora jarriz. Orduan entzuten ziren barre eta algara handienak, sustoren bat tarteko. Ikusle askok irtetzean aitortu zuten bezala, ohore bat da horrelako erakusketa eta ohiturak Arriaga bezalako leku baten izatea. 

Joaldunak eta hartza
Txalo zaparrada batez amaitu zen emanaldia, ikusleak poz-pozik. Gogoan izango dugun ikuskizuna dudarik gabe. Ondorengo argazkian atzeman daiteke bukaerako giroa...


Bertan dituzue hurrengo emanaldien datak, ez galdu aukera:

  • GERNIKA: martxoak 11
  • ARRASATE: martxoak 12
  • IRUÑA: martxoak 25
  • DERIO: martxoak 31

Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *