diskoa

GOZATEGI - G Puntua

25 urte bete zituen iaz Gozategik eta ospakizun guztien ondoren osasuntsu datoz bueltan lan berria eskutan dutela. 'G Puntua'-ren bila ibili dira azken boladan eta diskoa entzutean sortutako kilimak ikusita lortu dutela ematen du. 

Zortzigarren estudioko lana dugu azken hau eta Gozategik hastapenetatik izan duen estiloari zintzo dira, urteetako eboluzioa islatuz noski. Baina kanten lehen notetatik badakigu Gozategiz ari garela eta lorpen hori gaur egun erdiestea zinez zaila da, are gehiago horrenbeste urtez bizirik mantendu duten formula eraginkor horrekin. Melodia indartsuak, lasaiak, biziak, goxoak... tartekatuz, eta Asierrek soinu txikiaz duen abilezia agerian utziz. Iñigo Goikoetxearekin batera konbo ederra sortzen dute eta ondo funtzionatzen zuela bagenekien, baina bandarekin beste maila batera eramaten diztuzte kantuok. Horren adierazgarri diskoaren lehen abestia, 'Chiquitaco Can Tac', zeinetan ondo ulertzen den zein garrantzitsua den talde on bat izatea inguruan; metalak dagozkion momentuan, gitarren osagarri aproposak, bateria indartsua... eta nola ez, berezko duten trikiti hori. Eraikuntza musikal horretan Asier Ercilla trikitilari eta kasu honetan teknikariak izango zuen garrantzia, ondo ezagutzen dugunok badakigulako musikarien onena ateratzeko kapaza dela eta gustu handia duela ekoizpen lanetan.

Hamahiru pieza biltzen ditu albumak, tartean ohiko abesti intrumentalak, Asierrek bere aita zenari eskainitako 'Aita' bezalako fandango izugarria esaterako. Nabarmentzekoa hainbat kantetan Julen Alonsoren kolaborazioa, oinarrian onak ziren melodiak eder jantziz. Ainhoa Gozategik ere parte hartu du, nola ez, pandero tradizional eta elektrikoarekin.

Zer esan jorratzen diren gaiei buruz, batzutan serioak besteetan dibertigarriagoak... eta Gozategik inork baino hobeto egiten duen bezala, umoretik abiatuz. Hitz gehienak Asierrek berak idatziak, gutxi batzuk Jon Sarasuak eta Xabier Sukiak. Irrifar bat baino gehiago margotuko zaigu aurpegian esaten dituzten kontuekin; zer pentsa ere emango digute beste batzuk.

Larunbat honetan bertan hasiko dute 'G Puntua'-ren bira Oialumen, makina bat gau magiko bizi izan dituen lekuan. Ondoren helduko dira aukera gehiago eta horrelaxe jarrai dezatela 'Triki-triki' kanta ederrean esaten duten moduan, hauspoa erre arte soinu minez



Bideoklip berria ere aurkeztu dute asteon, lehen 'Zingel'-arena:



Share this post

Beste albisteak

Hurrengo albistea
Mezu berriagoa
Aurreko albistea
Mezu zaharragoa

Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *