diskoa

ERRE ZENITUZTEN

ERRE ZENITUZTEN
Bizkargi & Xabi Solano

BIDEO BERRIAK EKOIZTEN

BIDEO BERRIAK EKOIZTEN
Ikusi azkenak

ELKARRIZKETA: Josune Arakistain

ELKARRIZKETA: Josune Arakistain
Ikusi hemen

XABI SOLANO

XABI SOLANO
Proiektu berria barnetik

KEPA JUNKERA

KEPA JUNKERA
Bideoklip berria

XABI ABURRUZAGA

XABI ABURRUZAGA
Disko berria

AZKEN EKIMENAK

ekimena/carousel/#0489B1

AZKEN ALBISTEAK

ELORRIOko IV. TRIKITIXA TXAPELKETA

Aurtengo edizioa Andoni Oruesagastik eta Uxue Kerejetak irabazi dute. ZORIONAK bioi eta parte hartu duzuen guztiei ere. Ondorengo estekan ikusgai argazki guztiak: http://bit.ly/ELORRIO2017


I. HELDUEN TRIKITIXA TXAPELKETA

Aspaldiko partez helduen trikitixa txapelketa antolatu dute Markina-Xemeinen. Datorren astean izango da, uztailaren 8an 22:00etan herriko frontoian. Euskal Herriko txoko desberdinetako hamaika bikotek parte hartuko dute eta sari potoloak daude jokoan. Sarrerak Markinan bertan eros daitezke honezkero eta bestela egunean bertan 19:00etatik aurrera lehiatilan. Onenak irabaz dezala...


DEBAGOIENAKO XIII. TRIKITIXA EGUNA

Oñatiri dagokio aurtengo Debagoieneko Trikitixa Eguna antolatzea, XIII.a honezkero. Apirilaren 29an ospatuko da eta egun guztirako ekintzak antolatu dituzte. 10:30etan esaterako tailer zinez interesgarriak prestatu dituzte ondoko hauen eskutik: Lutxurdio, Astiazaran, Harkaitz Allur, Aitor Furundarena eta Ines Osinaga. Gai desberdinak jorratuko dituzte eta izena eman beharra dago aurretiaz.

Hamaiketakoa eta kalejira egingo dira tailerren ostean eta gero trikiti eskolen saioa izango da 13:00etan unibertsitate plazan. Bazkariaren ondoren Debagoieneko trikiti taldeak arituko dira, iluntzean elektrotxaranga bat eta gauean eMePebo5t eta Los Zopilotes Txirriaos taldeak. Egun osoko plana prest. 

Bertan egitaraua:





BIDEO ELKARRIZKETA: Josune Arakistain (Huntza)

Asko dira trikitixak emandako kanta arrakastatsuak, baina azken eztanda Aldapan Gora kantuak sortu du... eta horren atzean dagoen trikitilaria da Josune Arakistain, duela 20 urte Debako Lasturren jaioa.



Berarekin hitz egin dugu trikitixaz, txapelketaz, Huntzaz, irakaskuntzaz,... solasaldi atsegin eta interesgarri honetan.



Bideoaren egileak: Gaizka Peñafiel & Asier Olazar

SAN JOSEtako TRIKITI JAIALDIA 2017

Martxoaren 18an ospatuko da aurtengo San Josetako Trikiti Jaialdia. Ohitura den legez Azpeitiko Soreasu antzokian izango da arratsaldeko 17:30etan. Bikote eta talde hauek arituko dira bertan:

  • Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña
  • Maixa, Errekalde anaiak eta Azkonobieta anaiak
  • Jone Uria eta Julene Otegi
  • Aire Ahizpak
  • Tapia eta Leturia
  • Iker Allur eta EinGo

Sarrerak ohiko tabernetan, 943832828 telefonoan edo trikitixa@trikitixa.eus e-posta heklbidean eskuratu daitezke.


KEPA JUNKERA & SORGINAK - Maletak Bira

Korrika heltzear da eta antolatu duten Korrika Kulturalaren barruan Kepa Junkerak eta Sorginek hainbat kontzertu eskainiko dituzte gure lurretan barrena hurrengo asteotan. Izan ere MALETAK izeneko bira otsailaren 9an hasi zen Gasteizen eta aurreko igandean trikitilariaren jaioterrian egin zuen geldialdia, Bilboko Arriaga Antzokian hain zuzen.

Emanaldiaren hasiera
Teloia igotzean maleta bat argiztatuta ikusten zen... atzekaldean trikitiak, panderoak, txalapartak. Orduan agertu zen Kepa; maleta zabaldu, trikitia altzoan jarri eta lehendabiziko notak igorri zituen publikora. Sarrerak aurrera egin ahala agertzen hasi ziren zortzi sorginak norbere lekua hartuz. Bi orduko ikuskizunaren hastapena ederra izan zen, soila bezain erakargarria. Zintzilikatuta zeuden argiak maletek ordezkatu zituzten bete-beteta zegoen antzoki historikoan.


Soinu bikaina, ñabardura guztiak atzemateko aproposa; argiztapen gozagarria, magikoa; eszenografia ere asko zainduta. Publikoa poltsikoan zuten Kepak eta Sorginek honezkero... baina ez ziren horrekin konformatu. Aitzol Atutxa aizkolaria agertu zen bapatean eta erreza izango balitz bezala erdibitu zuen enborra Kepak markatutako tenpoari jarraiki. Ondoren Karmele Gisasola harritzarra altxatzera abiatu zen, aitaren laguntzaz indar paregabea erakutsiz. Aizkolaria eta harrijasotzailea batera trontzan ere aritu ziren hauspoaren erritmoa jarraituz.

Aitzol Atutxa eta Karmele Gisasola
Sorginak musikari apartak izateaz gain dantzari trebeak ere badira eta hainbat momentutan taula astindu zuten salto eta bueltekin. Horretan Olaeta baleteko dantzariak lagun izan zituzten, jantzi ederrez are magikoa bihurtuz emanaldia.

Sorginak & Olaeta baleta

Hala ere magiaz ari garela... Iturengo hartzak eta joaldunek aparteko iskanbila sortu zuten, publikoa piztuz eta aretoa hankaz gora jarriz. Orduan entzuten ziren barre eta algara handienak, sustoren bat tarteko. Ikusle askok irtetzean aitortu zuten bezala, ohore bat da horrelako erakusketa eta ohiturak Arriaga bezalako leku baten izatea. 

Joaldunak eta hartza
Txalo zaparrada batez amaitu zen emanaldia, ikusleak poz-pozik. Gogoan izango dugun ikuskizuna dudarik gabe. Ondorengo argazkian atzeman daiteke bukaerako giroa...


Bertan dituzue hurrengo emanaldien datak, ez galdu aukera:

  • GERNIKA: martxoak 11
  • ARRASATE: martxoak 12
  • IRUÑA: martxoak 25
  • DERIO: martxoak 31

MAKETA LEHIAKETA

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak egitasmo interesgarri bat jarri du martxan trikitilari gazteak sorkuntzara bideratzeko asmotan. Izan ere 25 urte baino gutxiagoko trikitilari edo taldeek aukera dute haien kanta bat bidali eta maketa lehiaketan parte hartzeko. Hamar aukeratuko dira gero eta diskoa grabatuko da hauekin. Onenak bideoklipa grabatzeko abagunea ere izango du. Ondorengo estekan daude bete beharreko baldintzak:


Kantua bideo formatuan bidali beharko dute parte hartzaileek maiatzaren 15a baino lehen. Animatu, horrelako aukera gutxi daude eta!


III. NAFARROAko TRIKITI JAIALDIA

III. Nafarroako Trikiti Jaialdia ate joka dugu, izan ere urtarrilaren 7an ospatuko da Altsasuko Iortian 17:30etan. Sarrerak www.iortiakultua.com atarian eros daiteke 12 euroren truke eta afarirako txartela nahi bada 20 eurotan daude salgai.

Jaialdian trikitilari familiek berebiziko garrantzia izango dute, parte hartuko dutenen zerrenda ikustea baino ez da behar horretaz jabetzeko:

  • Narbarte anai-arrebak
  • Laja aita semeak eta Haritz
  • Etxabe anaiak
  • Lasa ahizpak
  • Elustondo anai-arrebak
  • Alkorta anai-arrebak eta Enaitz (semea)
  • Etxaniz anaiak


AZOKAko GOGOETA

Azoka amaitu berri da, etxera heldu eta eskuratu dudan azken diskoa jarri dut. Nik baino musikaz gehiago dakitenen gomendioei jarraiki besteak beste Mikel Azpirozen “Zuri” lan berria erosi dut, igandean Peiok musikari honen talentuaz hitz egin ondoren gerturatu naiz bere standera azken txanpan. Fermin Muguruzaren azken biran ikusi nuen lehen aldiz eta ohartu ere zein musikari bikain eta ezezagunak ditugun inguru hurbilean. Berarekin trukatutako lau hitzek balio izan dute pianojole paregabearen atzean tipo jator bat ere badagoela jakiteko. Diskoa jarri eta lehen kantua, “Gaur Hemen”… patuaren keinua. “Horizontera” pasa eta orduan begiztatu dut nire gelako hormatik harago ortzimuga. Maiorretik menorrera eta notak jolasean… hamaika emozio azaleratu dizkit piano soilak, agerian utziz Durangoko Azokaren handitasunetako bat; auzoan ditugu artistarik onenak, euskaldunak eta apasionatuak, hitz eta melodien artisauak.
Horrelako kasu gehiago ikusi ditut Esne Beltza taldeko lagunen standean nengoelarik. Ezkerrean esaterako Xabi Aburruzaga trikitilari eta musikaria bere “KeltiK” disko berriarekin. Ikustekoa zen nola azaltzen zien diskoa gerturatzen zirenei; pasioz eta uste osoz, egindako lan onak uzten duen poztasun horrekin. Ezkerrerago, heldu berri diren Huntzako gazteak, izan duten hedapen izugarria oraindik guztiz barneratu gabe… eta gerturatu zaizkien ume eta gazte horien irribarre eta ilusio aurpegiak jasoz. Eskuman Xabi Solano zale guztiei tartea eskainiz, sinatzen zein argazkiak ateratzen, besarkada eta mosuak banatzen,… zer da ba musika emozioa ez bada. Ikusgarria ilaran zeudenen urduritasuna nola baretzen zen Xabiren lehen hitz eta keinuekin… arreta pixka bat jarriz magia hutsa iruditzen zait hau guztia.
Alabaina orain zifra-dantzak hasiko dira medioetan; nork saldu duen gehiago, nork agortu dituen kutxa guztiak, nork diru gehiago irabazi,… nork daukan handiagoa alegia. Baina bada oinarrizko diferentziarik 5 ale edo 500 saldu dituenaren artean? Lan gehiago egin du 1000 kopia saldu dituenak besteak baino? Artista hobeagoa da 2000 saldu dituena? Adierazpen artistikoek ez dute zifretaz ulertzen, ezin da ona/txarra hain errez kuantifikatu nahiz eta asko horretan tematzen diren, batzutan gezurretara joz zuzenean. Zorionez arrakasta bere osotasunean ulertua ez da hain matematikoa.
Durangoko Azoka nik beste era batera ulertzen dut eta badakit egunotan izandako solasaldiengatik gehienak bat datozela; norberak bere lana aurkezteko plaza, artistak ezagutzeko eta adiskidetasun berriak eraikitzeko topagunea, euskal kulturari ekarpentxoa egiteko bidea, zaleak maite duen artista horrekin egoteko momentua, euskaldun sentitzeko abagunea,… eta ez salmenta lehiaketa bat, zeinetan hori erabiltzen den lana baloratzeko irizpide bakartzat. Dirua irabaztea garrantzitsua da artistak aurrera egin dezan, baina ez luke xedea izan beharko eta jakin badakigu gutxi batzuentzat hori baino ez dela, gaur boltsikoan izango duten bilete kopurua. Ez dira musikazaleak, ez literaturzaleak, ez euskaltzaleak,… agian enpresariak, besterik ez. Kultur-trafikante hauek soberan daude, kutsatu baino ez dituztelako egiten horrelako ekimen ederrak. Berandu xamar bada ere txotxongiloen garaia desagertzear da nahiz eta orandik batzuk ez diren horretaz jabetu. Zorionez nik ez dut aspalditik horrelakoekin harremanik eta geroz eta sortzaile askeagoak ikusten ditut neure inguruan. Haiekin batera Azokako egun hauek zoragarriak dira… eman eta jaso lagunartean.

Irudia: www.di-da.eus

EGARRI, Taupada

Egarri 2016an sortutako musika talde bat da  eta estilo desberdinak lantzen ditu. Hastapenetan, Iker Mendaza trikitilaria eta Iker Zarate gitarjolea Taupada izeneko proiektua sortu zuten. Gerora talde bilakatu ziren Asier Jul eta Xabi Derteanoren etorrerarekin eta orduan berrizendatu zuten taldea Egarri izena jarriz.


Hainbat kontzertu eta hilabeteko lanaren ondoren Taupada izeneko diskoa kaleratuko dute Durangoko Azokan. Zortzi kantaz osatuta dago eta estiloz anitza dela dio taldeak. Diskoa Musikazuzenean standean egongo da salgai 5 euroren truke eta Ahotsenean ere saioa eskainiko dute larunbatean 14:20etan. Azoka pasa ondoren, kontzertuak emateari ekingo diote Euskal Herrian zehar eta badituzte lehenak lotuta: Ugao, Arrigorriaga, Basauri, Artea,...


OSKORRI, Hauxe da despedidia

Musikari eta talde askok aparteko ekarpena egin diote euskal kulturari, baina Oskorrik bezain beste oso gutxik. 50 disko inguru eta herrikoi bihurtu diren ehundaka kanta argitaratu dituzte azken hamakadetan. Musikagintzak eta orokorrean kulturak bizi duen egoerak bultzatu ditu ibilbide luzea ete behar izatera, inoiz ase ezingo dugun hutsune eta zor bat sortuz.

Trikitiaren ikuspegitik ere berebiziko garrantzia izan du Oskorrik. Hastapenetan Natxo De Felipe bera aritzen zen soinu handiaz, bidean Kepa Junkera agertu zen arte. Urte luzez errekaldetarra aritu zen hauspoa astintzen eta gerora Iker Goenaga ibili da batipat. Disko gehienetan trikiti hotsek aparteko presentzia izan dute, sarritan protagonista izanik ere.

Duela urte bete inguru eman zuten azken kontzertua eta hori berori grabatu zuten orain agurreko CD eta DVDan kaleratzeko. Horretaz gain orain arte argitaratu gabeko pieza eta kanta bereziak dituen CDa ere badator barnean.


ESKERRIK ASKO Oskorri eman diguzuen guztiagatik, bihotzetan eramango ditugu aurrerantzean zuen melodia eta hitzak. Hauxe ez da despedidia...


Kontaktua

Izena

Helbide elektronikoa *

Mezua *